Basque Teamek handitu egin dau bekadunen kopurua
2021-06-23 08:20 KirolaBekea jasoko daben goi-mailako 73 kirolarietatik 39 emakumeak dira.
2021ean Basque Team Fundazinoaren bekea jasoko daben kirolarien kopurua orain arteko altuena izango da, sekula ez jake hainbeste kirolariri lagundu. Basque Team Fundazinoaren Patronatua batu ondoren, erabagi da erakundeak bikaintasuneko kirola sustatzeko emoten dituan diru-laguntzen guztizko zenbatekoa, aurten 786.500 eurokoa izango dala eta 73 kirolariren (39 emakume eta 34 gizon) eta goi-mailako 14 entrenatzaileren (10 gizon eta 4 emakume, orain arteko emakume kopuru altuena) artean banatuko dala. Danetara, 91 beka eskaera jaso dira.
Goi-mailako banakako bekak onartzeko edo ukatzeko, aurreko denporaldian lortutako emoitzak erispide zorrotzen arabera aztertzen dira, bai markei jagokenez, bai maila absolutuan nazinoarteko txapelketa eta lehiaketetan parte hartzeari jagokonez: Europako txapelketak, Munduko txapelketak eta Joko Olinpikoak eta Paralinpiar Jokoak hartzen dira kontuan. Edozelan be, osasun-krisiak eragindako aparteko egoerearen aurrean, autortu da Basque Team 2020 bekea jasoten daben personek 2021ean zenbateko bereko laguntzea hartzeko eskubidea dabela.
Bekadunek, laguntza ekonomikoez gan, honako honeek be jasoko ditue: laguntza biomedikoak (Quirón Salud), laguntza teknikoak, kirol-psikologia zerbitzua, irudi eta komunikazino-zerbitzua eta aholkularitza-zerbitzua arlo akademikoan eta lan-munduan sartzean (Laneratzea).
Aldi berean, nabarmentzekoa da Basque Teamek genero-bardintasuna sustatzeko eta kirolariek gizartearentzat eredugarriak diran balioak izan deiezan egiten dauen apustua. Bekadunei ez jake onartuko emakumeen kontrako adierazpenik, ezta adierazpen arrazista, xenofobo, matxista edo diskriminatzailerik be eta, oro har, ez da onartuko persona edo kolektibo jakin batzuen aurrean intolerantziarik eragiten dauenik, Fundazioak abian jarritako Baloreetan BAT proiektuagaz koherentzia bilatuz. Proiektu horren helburua da kirolaren balioak zabaltzea eta apliketea, bai enpresearen bai hezkuntzearen arloan be.
Bekea hartu daben 73 kirolariez gan, 14 entrenatzailek ere Basque Team Fundazinotik laguntzea jasoko dabe. Aurten entrenatzaile horreen artean nabaria da emakumezkoak gero eta gehiago dirala, inoizko kopuru altuena izango da aurtengoa: lau.
Basque Teamen jarraitzen dabe orain arte fundazinoan ibilbide luzea egin daben kirolariak, besteak beste, Maialen Chourraut (urrea Rion, 2016an, eta brontzea Londresen, 2012an eslalon piraguismoan), Ander Elosegi (diploma olinpikoa Beijing, Londres eta Rion eslalon piraguismoan), Iñigo Peña (diploma Rion, sprint piraguismoan), Tania Calvo (diplomea Rion, pistako txirrindularitzan), Lucas Eguibar (snowboardcrosseko egungo Munduko txapelduna eta 2015eko Munduko Kopako irabazlea), Asier Garcia (zidarra Rio 2016an, errubera jesarlekuko saskibaloian) edota Amador Granados (brontzea Rio 2016an, pistako txirrindularitzea). egokituan).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!