Sigourney Weaver agiri da Donostiako 69. Zinemaldiko kartel ofizialean
2021-06-23 08:53 ZinemeaEva Villar donostiarrak egin dau irudia, Matthew Brookesen argazki bat oinarri hartuta.
Sigourney Weaver aktorea izango da Donostia Zinemaldiko (irailaren 17tik 25era) 69. edizinoaren kartel ofizialaren protagonista. Zuri-baltzeko irudiak aktore estadubatuarraren argazki bat dakar, brotxakada koloristakaz apainduta.
2018an, bide grafiko barri bati ekin eutson Zinemaldiak karteletarako: argazkia eta ilustrazinoa buztartuz eta nazinoarteko zinematografiako persona garrantzitsuak ditu protagonista. Isabelle Hupperten, Penélope Cruzen eta Willem Dafoeren ondoren, 2021ean, Sigourney Weaver agertuko da Eva Villar donostiarraren diseinuan; Matthew Brookesen argazki bat oinarri hartuta sortu dau.
Weaverrek Donostia lehen aldiz bisitau ebanean, debuta egin eban zineman Alien (1979) filmagaz eta horrek ekarri eutson erantzun bikaina, Ripley tenientearen personaia ahaztezinari esker. Ordutik, beste bitan izan da gurean aktorea. Sail Ofizialean aurkeztu zituan nazinoarteko izar bihurtuta A Map of The World (1999) eta A Monster Calls (2016). Azken horretan, Donostia saria irabazi eban, ibilbide osoari autortzea.
Hirutan izan da Oscar sarietarako hautagai eta Urrezko Globo bi irabazi ditu; gainera, Alien eta Ghostbusters sagetan eta Gorillas in Mist (1988), Working Girl (1988), Death and the Maiden (1994), The Village (Belodromoa, 2004) eta Rampart (Sail Ofiziala, 2011) filmetan parte hartu dau. Besteak beste, Ridley Scott, Peter Weir, James Cameron, Mike Nichols, Roman Polanski, Ang Lee eta David Fincher zinemagileakaz lan egin dau.
Zinemaldiak plazer eta ohore handiz iragarri nahi dau 69. edizinoaren irudia Sigourney Weaverrena izango dala. Aparteko aktore bat da, asko maite dau publikoak eta erregistro guztietan nabarmendu da iruditeria zinematografiko unibersalaren parte diran personaiakaz, esan dau José Luis Rebordinosek. Donostia Zinemaldiko zuzendariak Joxean Fernández Zuzendaritza Batzordeko kideagaz aurkeztu dau ekitaldia Tabakaleran.
Giza presentziaren eta kulturearen balioa
Eva Villar diseinatzailearen eretxiz, edizino honetako kartelak egitean erabagigarria izan da egungo pandemiaren testuingurua, izan be, hori dala eta benetako balioetan, herritarren bizitzan giza presentziak eta kultureak dauen balioan jarri dabe indarra. Kartel honeek komunikazinoak eta arteak bat egiten daben espazio bihurtu ditugu. Gure estudioan, sormen-prozesua indartzea, harago joatea eta artistakaz taldeak sortzea gustetan jaku, proiektuak horretarako bide emoten badau, gehitu dau Villarrek; Juan Ugaldegaz lankidetzan egin ditu diseinuak. Bilboko artista hori –Madrilen eta Berlinen bizi da– pop jokerako margolari figuratiboa da eta bere lanak pinturearen eta erretratuaren arteko fusinoa dau bereizgarri.
Eva Villar arte-zuzendari ibili da Gucci Group, Stella McCartney, Marks & Spencer, Swatch Group eta Loewe firmetarako eta, gainera, Donostiako RQER sormen-espazioa zuzentzen dau (www.rqer.es).
Interpretazino-sariak
Edizino honetatik aurrera, Donostia Zinemaldiak ez dau genero-bereizketarik egingo interpretazino-sarietan. Gizonezko Aktore Onenaren Zidarrezko Maskorraren eta Emakumezko Aktore Onenaren Zidarrezko Maskorraren ordez, Interpretazino Nagusi Onenaren Zidarrezko Maskorra eta Taldeko Interpretazino Onenaren Zidarrezko Maskorra emongo dira: Guretzat, generoak –eraikuntza sozial eta politikoa– antzezpenean bereizketea egiteko erispide izateari itxi eta horregaitik erabagi dogu aldatzea. Epaimahaiak antzezpen txarren eta onen artean bereizi beharko dau, Berlineko zinema-jaialdiko gure lagunek hasitako bide beretik. Aldaketa sasoia da, erabagiak hartzeko momentua. Arretaz jarraitzen ditugu mobimentu feministearen barruan gai honi eta beste gai batzuei buruz entzuten doguzan eztabaidak. Ez dogu ziurtasunik, baina aurrera egin nahi dogu, gizarte justuagoa eta bardinzaleagoa eregiten laguntzeko, azaldu dau Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek. Araudia aldatzeak aukerea emoten dau genero maskulinokoak edo femeninokoak ez diran beste identidade batzuk aintzat hartzeko eta taldeko interpretazinoen lana autortzen dau, gainera; normalean, ez dabe saririk izaten zinema-jaialdietan. Sari horreek ex aequo emon ahal izango dira.
Pandemiaren bilakaerea zelakoa, modu batekoa edo bestekoa izango da aurtengo edizinoa. Murrizketa sanitarioak egongo dira oraindino baina Zinemaldiak espero dau koronabirusaren krisiaren aurreko urtetik hurrago egotea. Igaz bezela, aurten be ezingo da belodromoa erabili zinema-areto erraldoi legez eta ez da ez inaugurazinoko, ez zarratzeko galarik egongo. Egingo dira, ostera, Loreak infernuan, Koreako zinemearen urrezko aroa atzera begirakoa, hasieran aurreikusitakoak baino titulu gitxiagogaz eta Klasikoak saila. Gainera, Nestek, zinema-ikasleen film laburren nazinoarteko lehiaketeak, hogei urte beteko ditu eta jarduera-programa berezi bat izango dau.
Espero dogu igaz baino proiekzino gehiago emon eta gehieneko edukierak handitu ahal izatea, baita alfonbra gorriaren glamourra berreskuratu be. Azken batean, nahiko geunke aurtengoa, persona askorentzako ardura eta sufrimendu handiko urte luze baten ondoren, barriro urrira ilusinoa ekarriko dauen Zinemaldia izatea, esan dau amaitzeko José Luis Rebordinosek.
Z365, urte osoko Zinemaldia
Z365, urte osoko Zinemaldiaren apustua, webgunean jasoko da. www.sansebastianfestival.com webgunean sartzean, erabiltzaileak aukera bi izango ditu: irailean egiten dan edizinoari buruzko edukietara sartzea edo Donostia Zinemaldiak gainerako hileetan atondutako jarduerak jasoten dituan atal barri batean sartu. Atal horretan, besteak beste, ondokoen barri emongo da: Zinemaldia + Plusen saioak, Zinemaldia 70. Historia posible guztiak proiektuaren ikerketak eta programak, Tabakaleraren ekosistemako beste erakunde batzuekaz alkarlanean editautako argitalpenak eta deialdiak, esaterako, Ikusmira Barriak egonaldi-programearenak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!