Iñigo Llopisek urrea irabazi dau Europako Txapelketan
2021-05-18 09:01 KirolaUgerlariak urrezko dominea irabazi dau S8ko bizkar erako 100 metrokoan.
Basque Teameko Iñigo Llopisek Europako titulua irabazi dau Madeiran jokoan dan ugeriketa egokituko txapelketan. Llopisek erakustaldia eskainita lortu dau, Tokioko Joko Paralinpikoetan goreneko postuetan izateko bermea.
Isaac Pousadak entrenetan dauen eta Basque Team Fundazinoaren bekea jasoten dauen donostiarrak ez dau hutsik egin; itsaspeko luze bat eta urteera gogor baten ondoren, lasterketa buru izan da lehen 50 metroetan eta norabidez aldatzeko birea egin ondoren, Bohdan Hrynenko ukrainarrak mehatxu egin arren, buruan jarraitu dau urrea eskuratu arte, 1:06.09ko denpora eginda. Marka horri esker, Espainiako errekorra txiki itxi dau. Sergio Martos valentziarrak osotu dau podiuma.
Urrezko dominea S8 estilo libreko 400 metrokoan irabazitako brontzezkoaren ondoren dator.
Iñigo Llopis (Donostia, 1998-11-13)
Iñigo Llopis kasualidadez heldu zan ugerketara. Txikitan hainbat kirol egin zituan, besteak beste, eskubaloia, saskibaloia eta futbola eta femurreko lesinoa izan eban azken kirol horretan ebilela; hori erabagiorra izan zan ugerlekura salto egiteko. S8 kategorian lehiatzen da uretan.
Ibilbideari ekin eutsonetik, Llopisek ez deutso uger egiteari itxi. Haren lehen dominak Espainiako txapelketetan irabazi zituan, baita Europako txapelketetan be.
Llopis lehen lorpen handia 2016an etorri zan. Madeiran (Portugal) jokatutako Europako Txapelketan ondo ibili ondoren, Rio 2016rako txartela lortzeko ehunen gitxi falta izan jakozan baina Errusiari jarritako zigorrak bere lehen Joko Paralinpikoetako atea edegi eutson; Rio de Janeiron 100 eta 50 metro libreko probak jokatu zituan, baita 200 metro estilokoak be.
2018. urtea be oso ona izan zan Llopisentzat. Ugerlariak Europako txapelketa bikaina egin eban Dublinen (Irlanda), 400 metro libreko proban urrea irabazita. Era berean, bigarren postua irabazi eban 100 metro libre eta estiloetan, baita 4x100 estiloetan be. Hirugarren izan zan 4x100 libreetan. Urtebete aurrerago, Londresen (Ingalaterra) jokatutako txapelketan, brontzezko dominea irabai eban 100 metroko bizkar estiloan.
Llopisek bikain ekin eutson 2020. urteari: Urtarrilaren amaieran 200 metroko munduko errekorra ezarri eban Madrilen eta 100 metroko bizkar erako Espainiako errekorra txiki itxi eban Mallorcan; bertan gitxieneko markea egin eta Tokioko Paralinpiar Jokoetarako txartela irabai eban. 2021eko Bartzelonan, Nazinoarteko Trofeoan barriro be gitxieneko markea ziurtatu eban donostiarrak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!