Kirol jardueretan izena emoteko epea zabalik Bilbon eta Derion
2021-05-18 08:28 KirolaGanera, udalekuak be antolatu ditue Derion.
Kirolagaz lotutako jardueretan izena emoteko epea zabaldu dabe Bilboko Udalak eta Deriokoak, hurrengo asteotarako eskaintza zabalaren barri emoteaz batera. Bizkaiko uriburuaren kasuan, udal kiroldegietako ikastaroetan emon leiteke izena, Bilbao Kirolak webgunean edo kiroldegietako makina automatikoetan.
Irailaren 8ra arteko epea dabe interesdunek ikastaroetan izena emoteko. Bilbao Kirolak erakundeko abonua euki behar dabe, eta, behin eskaria eginda, zenbaki bana emongo deutse. Irailaren 13an zozketea egingo dabe. Abonadu ez diranek libre geratu diran plazak eskatu ahal izango ditue gero.
Derioko Udalak, bestetik, Multikirolak 2021 programan izena emoteko epea maiatzaren 23ra arte izango dau zabalik. 2009 eta 2016 urteen artean jaiotako umeentzako udako programea da, kirol ugari lantzeko aukerea emongo deutsena. Txanda bi egongo dira, bata bagilaren 21etik 25era, eta bestea, abuztuaren 30etik irailaren 3ra.
Udako eskaintzea ugaritu eta zabaldu dau Derioko Udalak aurten, 900 plaza baino gehiagogaz. Multikirolaz gan, Uda Martxan 2021 udalekuak be egingo ditue bagilaren amaieran, garagarrilean eta abuztuan, hainbat txandatan. Prezioa 35 euro da, ume eta aste bakotxeko.
Helburu nagusia eskolako oporraldietan lana eta familia bateratzen laguntzea dala dino Derioko Udalak. Horrezaz gan, trebetasun eta joko barriak landuko ditue umeek, alkar ezagutuko dabe eta ondo pasetako espazio seguruak izango ditue.
Derioko udalekuetan edo multikirolean izena emoteko, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!