Mathieu Turi frantsesaren 'Méandre', FANTeko film luzerik onena

Bizkaie! 2021-05-14 13:41   Zinemea

Film laburren atalean, Javier Khüneren Flora izan da irabazlea.

FANT, Bildurrezko eta Fantasiazko Zinemearen Nazinoarteko Jaialdia, azken txanpan sartu da. Sail Ofizialeko eta Ikuspegi Fantastikoa ataleko epaimahaiek euren ebatziaren barri emon dabe, Bilboko udaletxean egindako ekitaldian. FANTen 27. edizino honetan, film luzerik onenaren saria Mathieu Turi zuzendari frantsesak egindako Méandre lanari emon deutse.

Epaimahaiaren arabera, fantasiazko zinema hutsa aldarrikatzen dauen proposamen sinplea eta zuzena da Turiren filma. 2021eko bigarren seihilekoan estreinauko dabe zinema-aretoetan. Beste film luze bati aitamen berezia egin deutse aurtengo edizinoan, Márk Bodzsár-en Comrade Drakulich-i.

Film laburren atalean, epaimahaiaren sari nagusia Javier Khüneri emon deutse, Flora pelikuleagaitik, bildurrezko generoaren jatorri historikoei jagokelako, eszenaratze dotore eta zaindua erabiliz. Euskal Herriko film laburrik onena Alberto Vázquezen Homeless Home izan da. Gizarte izugarri baten erretratua, animazino teknika original eta zirraragarri baten bidez, dino epaimahaiak Vázquezen filmaren kontura.

Sail Ofizialeko epaimahaian honeek egon dira: Yago García kazetaria, Norberto Ramos del Val zinemagilea eta Nerea Torrijos diseinatzailea. 

Beste sari batzuei jagokenez, Publikoaren Saria Erik Camposek irabazi dau, Si te mueres, te mato filmari esker; Euskal Gidoigileen Alkartearen saria, ostera, Anthony Scott Burns-en Come True-rentzat izan da. FAS Zineklubak zuzendari barritzaileena aukeratzen dau, eta edizino honetan Harpo Guit eta Lenny Guitena saritu ditu.

Ikuspegi Fantastikoa 

Palmaresean sartu dira, ganera, Ikuspegi Fantastikoa ataleko irabazleak. Julian Richberg zuzendaria nabarmendu dau epaimahaiak atal horretan, Arboretum film luzeagaitik. Fantasiaren bidez, gazteek denporan irauten daben autoritarismoakaitik daben zaurgarritasuna testuinguruan kokatzen dau, ebatziaren arabera. 

Atal honetako film laburrik onenaren sariaren irabazlea Blind Eye filma izan da. Sasha Voronoven Mom, I Befriended Ghosts-i aitamen berezia egin deutse. 

Ikuspegi Fantastikoa saileko epaimahaian Jon Mikel Caballero zinemagilea, Esther Cabero Kimuak programako koordinatzailea eta Diego H. Katarynui produktorea egon dira.

FANT jaialdiaren 27. edizino honetako azken egunean, maiatzaren 16an, palmaresean sartu diran filmen proiekzino bi egingo ditue Golem Alhondiga zinema-aretoan. 16:00etan, Ikuspegi Fantastikoa ataleko irabazleak ikusi ahal izango dira; 18:30ean, Sail Ofizialekoak. 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu