Igor Legarretaren 'Ilargi Guztiak' filma, Fant-en inaugurazinoan

Bizkaie! 2021-05-07 08:10   Zinemea

Maiatzaren 7an izango da mundu mailako estreinaldia, Campos Elíseos Antzokian.

Bilboko Udalak atondutako FANT abiarazoteko filmaren aurkezpenean izan dira Kultura eta Gobernantzako Zinegotzia, Gonzalo Olabarria; FANTeko zuzendaria, Vanesa Fernández; filmaren Zuzendaria, Igor Legarreta; eta Itziar Ituño eta Josean Bengoetxea aktoreak.

Garur, hilak7, estreinauko dabe filma Bilboko Campos Elíseos Antzokian egingo dan inaugurazio galan, Olatz Ganboa eta Diego Pérez aktoreek aurkeztuta.

Ilargi Guztiak. Todas las lunas fabula fantastikoak gogoetea egiten dau heriotzearen aurreko bildurraz eta hilezkortasunaz. Euskeraz filmatutako film hau Igor Legarreta euskal zinemagilearen bigarren film luzea da. Ikus-entzunezkoetan lizentziaduna Euskal Herriko Arte Eder Fakultadean UPV/EHUn, Igor Legarretak (Leioa, 1973) hainbat film labur idatzi eta zuzendu zituan Emilio Perezegaz batera. Lan horreen artean nabarmentzekoak dira El Trabajo (1998), Montpellier eta Locarnoko jaialdietako epaimahaiaren sariak jasotakoa; eta El Gran Zambini (2005), sari ugari jaso dituan lana. 2002an, Urban Myths Chillers" telesailaren barruan, Lost eta Room 301 atalak zuzendu zituan. Filmaxek Tele5 kanalerako produzidutako Películas para no dormir saileko Regreso a Moira (2006) telebistarako filmaren gidoiaren egilea da. Era berean, Antonio Banderasek produzidu eta interpretautako Autómata (2014) film luzearen gidoilaria eta bigarren unidadearen zuzendaria izan zan. Horrezaz gan, Zipi eta Zape y la isla del capitán (Oskar Santos, 2016) film luzearen bigarren unidadea zuzendu eban. Eusko Jaurlaritzeak diruz lagundutako "Aries" (2005) eta 9 Santos (2018) gidoien egileetako bat da, baita ICAAk babestutako Rondo (2011) gidoiarena be. 2017an, Cuando dejes de quererme bere opera prima zuzendu eban. Espainiaren eta Argentinaren arteko koprodukzinoa, maitasuna, desamodioa eta misterioa batzen dituan thrillerra planteetan dau eta Florencia Torrente, Eduardo Blanco eta Miki Esparbé dira aktore protagonistak.

Legarretak Jon Sagalá (La sala, 2019; Bosque de sombras, 2006) gidoilariagaz batera idatzia, Ilargi Guztiak filmaren protagonista Haizea Carneros (13 urte) aktorea da eta hauxe dau bere lehen interpretazino-lana. Beragaz batera, hainbat interprete ospetsu dagoz, beste, Itziar Ituño (La casa de papel, 2017-gaur egun; Loreak, 2014) eta Josean Bengoetxea (Oreina, 2017, Malas Temporadas, 2005). Gainerako aktoreak Lier Quesada (Un otoño sin Berlín, 2015), Zorion Eguileor (El Hoyo, 2019, Agur Etxebeste!, 2019) eta Elena Uriz (Akelarre, 2020; Tasio, 1984) dira.

Zinemetan estreinauko da maiatzaren 14an, FANT Jaialdia inaugurau eta astebetera.

Ilargi Guztiak. Todas las lunas filma Arcadia Motion Pictures, Kowalski Films, Pris&Batty Films eta Ilargia Films-en produkzinoa da, Noodles Production-egaz (Frantzia) koprodukzinoan. EiTBk, RTVEk eta Vodafonek hartu dabe parte, ICAAren finantzaketea dau; eta Eusko Jaurlaritzearen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, KOI eta SGRren laguntzea. Filmax Espainiako zinemetan banatzeaz eta nazinoarteko salmentez arduratuko da.

Fitxa Artistikoa

Amaia neskatxoa: Haizea Carneros.
Ama: Itziar Ituño.
Cándido: Joxean Bengoetxea.
Don Sebastián: Zorion Eguileor.
Mutikoa: Lier Quesada.

Fitxa Teknikoa

Zuzendaria: Igor Legarreta.
Gidoia: Igor Legarreta, Jon Sagalá.
Argazki Zuzendaritza: Imanol Nabea.
Musika: Pascal Gaigne.
Produkzinoaren disenua: Mikel Serrano.
Muntaketea: Laurent Dufreche.
Zuzeneko soinua: Alazne Ameztoy.
Jantziak: Leire Orella.
Makillajea: Lola López.
Ule-apaindegia: Iciar Arrieta.
Vfx gainbegiralea: Ana Rubio.
Soinu - disenua: Fabiola Ordoyo.
Nahasketak: Yasmina Praderas.
Produkzinoaren zuzendaria: Guadalupe Balaguer.
Produktore eragileak: Guadalupe Balaguer, Sandra Tapia.
Produktoreak: Ibon Cormenzana, Koldo Zuazua, Ignasi Estapé, David Naranjo, Sandra Tapia, Jèrôme Vidal

FANT Zinemaldiaren programazinoari buruzko informazino guztia hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu