Atxagaren 'Soinujolearen semea', Japoniako Itzulpen Sariko finalista
2021-05-06 10:16 KultureaNami Kanekok itzuli dau euskeratik japonierara.
Nazinoarteko literaturatik japonierara egindako itzulpen onenak nabarmentzen dituan Japoniako Itzulpen Sarian, euskerazko liburu bat sartu da aurtengo edizinoko finalisten artean, Etxepare Euskal Institutuak jakitera emon dauenez. Bernardo Atxagak idatzitako Soinujolearen semea da, Nami Kanekok japonierara itzulia eta hizkuntza haretan Shinchosha argitaletxeak 2020an plazaratua. Japonierazko izenburua アコーディオン弾きの息子 edo Akōdion hiki no musuko da.
Hasiera baten, sariaren antolatzaileek 18 liburu aukeratu zituen, irakurleen botoetan zein epaimahaiaren eretxian oinarrituta. Azken fasera, baina, bost baino ez dira pasau, tartean Soinujolearen semea. Maiatzaren 18an esango dabe zein dan irabazlea.
2020an Atxagaren liburuaren japonierazko bersinoa plazaratu zanetik, irakurle eta kritikarien onespena izan dau Asiako herrialde haretan. Liburu-dendetan balorazinorik onena daben liburuen kategorian sartu dabe (bost izar), eta egunkari zein aldizkarietan kritika ugari idatzi ditue adituek.
Nami Kanekok lehendik be itzuli izan ditu euskerazko liburuak japonierara. Hain zuzen be, Japoniako Itzulpen Sari honen 2016ko edizinoa berak irabazi eban, Kirmen Uribereren Mussche-ren itzulpenagaitik. Beraz, aurten Soinujolearen semea-k irabazi ezkero, ez da izango saria eskuratzen dauen euskerazko lehenengo liburua, ezta Kanekok irabazten dauen lehenengo aldia be.
2020ko finalistak honeek dira:
- Soinujolearen semea (Bernardo Atxaga), Nami Kanekok itzulia.
- An inventory of losses (Judith Schalansky), Naoko Hosoik itzulia.
- Born in 1984 (Hao Jingfang), Chuo Koronek itzulia.
- Friday Black (Nana Kwame Adjei-Brenya), Motoko Oshinok itzulia.
- Murderbot Diaries (Martha Wells), Naoya Nakaharak itzulia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!