Zabalik dago Drakularen omenezko 'Odol Tinta - Banpiroari Omenaldia' erakusketea Bilbon

Bizkaie! 2021-05-06 08:04   Zinemea

Maiatzaren 13ra arte egongo da Zabalagune Eraikinean.



Erakusketan, komikiagaz, ilustrazinoagaz eta diseinuagaz lotutako talentu handiko 24 artistak parte hartu dabe, fantasia generoaren oinarrizko ikono horretan inspirautako kartelak zein irudiak eginez. Sartzea doban da, 08:00etatik 20:00etara.

27. FANT - Bilboko Fantasiazko Zinemaldia maiatzaren 7tik 16ra izango da eta antolatzaileek Drakulearen gaineko Odol Tinta - Banpiroari Omenaldia erakusketearen ateak zabaldu ditue bart. Maiatzaren 13ra arte erakusketaren egoitzea izango dan Zabalgune Eraikinean egin da inaugurazinoa eta bertan izan dira Amaia Arregi Bilboko Jarduneko Alkatea, Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantzako Zinegotzia, Vanesa Fernández FANTeko zuzendaria, Borja Crespo erakusketearen komisarioa eta ekimen honetan parte hartu daben Higinia Garay, Raquel Alzate, Josune Urrutia, Ane Pikaza, Conxita Herrero, Susanna Martín, Raquel Meyers eta Mamen Moreu artistak.

Edozein ekitaldi espezializatutan beti presente dagoan banpiroaren irudia da Odol Tinta - Banpiroari Omenaldia erakusketan protagonista. Indargunea odola xurgatzen eban personaia mitikoan eta honen erotismoan eta misteriozko aureolan jarri da. Erakusketa honetarako, talentu handiko 24 artistak fantasiazko generoaren ikono horretan inspiratutako irudiak egin ditue, Bram Stoker idazleak sortutako Drakula betierekoa ardatz hartuta. Erakusketea Ink of Dracula - A Comic Tribute erakusketearen zabaltze eta eguneratze bat da, Donostiako Fantasiazko eta Bildurrezko Zinemearen eta SITGES-Kataluniako Fantasiazko Zinemearen Nazinoarteko Zinemaldiak produzidutakoa.

Esangura horretan, Odol Tinta - Banpiroari Omenaldia erakusketan, Borja Crespo, zuzendari eta kultur programatzaileak koordinauta, Higinia Garay, Quan Zhou, Raquel Alzate, Laura Pérez, Josune Urrutia, Ane Pikaza, Irene Márquez eta Conxita Herrero artistek landutako inoiz ikusi bako arte banpirikoaz gozetako aukerea izango da, Carla Berrocal, Natacha Bustos, Olga de Castro, Sara Bea Delgado, Genie Espinosa, Ana Galvan, Susanna Martín Raquel Meyers, Klari Moreno, Mamen Moreu, Mireia Pérez, Miriampersand, Ana Oncina, Ana Belén Rivero, Clara Soriano eta Sandra Uve artisten ikuspegi bereziagaz batera.

Odol Tinta - Banpiroari Omenaldia doban bisitau ahal izango da 08:00etatik 20:00etara. FANT jaialdiari buruzko informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu