27. Fant-ek jarduera paraleloak dakarz

Bizkaie! 2021-05-03 13:43   Zinemea

Drakularen omenezko erakusketa bat izango da Bilbon maiatzaren 5etik 13ra.

Lehenengo proposamenerako, Zabalguneko eraikinean, Odol Tinta – Banpiroari Omenaldia erakusketea iragarri dabe. Odola txupetan eban personaia mitikoa, erotismoaren eta misterioaren esentzia oso presente dago Borja Crespok komisario dauen erakusketan. Erakusketarako, komikiagaz, ilustrazinoagaz eta diseinuagaz loturea daben talentu handiko hogeita bost artistek fantasiazko generoaren ikonoan inspirautako irudiak egin ditue, Bram Stoker idazleak sortutako Drakula ardatz hartuta. Erakusketan, Higinia Garay, Quan Zhou, Raquel Alzate, Laura Perez, Josune Urrutia, Ane Pikaza, Irene Marquez eta Conxita Herreroren arte banpiriko argitaratu bakoa dagoz eta Carla Berrocal, Natacha Bustos, Olga de Castro, Sara Bea Delgado, Genie Espinosa, Ana Galvan, Susanna Martín Raquel Meyers, Klari Moreno, Mamen Moreu, Mireia Pérez, Miriampersand, Ana Oncina, Ana Belén Rivero, Clara Soriano eta Sandra Uveren inoiz ikusi bako banpiro-arteaz gozau ahal izango da.

Asteburua hitzorduez beteta etorriko da. Lehenengoa maiatzaren 8koa izango da, Santiago Aguilar Bilbora heltzen danean, Operación Torremolinos. El cine español de superagentes (1965-1967) liburua aurkezteko. Liburu honek hirurogeiko hamarkadearen erdialdean James Bonden lehen filmetan sortutako euroespioien filmetan izandako parte-hartzea aztertzen dau. Aurkezpena Azkuna Zentroko Bastida aretoan, 12:30ean izango da eta gonbidapena beharko da. Gonbidapena AZ-ko Infopuntuan eskuratu ahal izango da egun bereko 11:30etik aurrera hemen.

Aurkezpen horren ondoren, 13:30ean, Borja Crespok zuzenean grabauko dau leku berean La hora caníbal podcast-a, adimen urdurientzako irrasaioa. Sartzea doban da, leku guztiak bete arte.


Topaketea Akelarre unibersoagaz

Maiatzaren 9an, Akelarre unibersoaren inguruan egingo dan topaketea. 11:00etan hasiko da; Azkuna Zentroko Bastida Aretoak Goyaren azken edizinoko jantzien diseinu onenaren irabazleak Nerea Torrijosek, eta jatorrizko musika onenaren irabazleek, Aránzazu Callejak eta Maite Arroitajauregik (Mursego) hartuko ditu. Topaketa horretan, Pablo Agüeroren film luze sariduna produziduteko prozesuak azalduko ditue.

Masterclass Gorka Aguirregaz

Azkenik, maiatzaren 13an, eguenean, Campos Antzokiko Kupula Aretoan, masterclass bat izango da makillaje-efektuei eta zinemako personaia bat sortzeari buruz, Gorka Aguirrek eskainia. Aguirrek, 25 urtetik gorako esperientzia profesionala dau zinemagintzan, antzerkiaren eta telebistaren sektorean. Han, makillaje protesikoak, animatronics eta dummies sortzen aditua da eta, besteak beste, Gernika, La mina, Loreak eta Lasa eta Zabala filmetan parte hartu du. 2018an, Makillaje Onenaren Goya eskuratu eban, Ainhoa Eskisabel eta Olga Cruzegaz batera, Handia filmagaitik. Masterclass hau 10:30etik 13:00era izango da. 

FANTen programazioari buruzko informazino guztia hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu