Dopinaren Euskal Agentziak ez eban isunik ipini igazko 145 kontroletan
2021-04-28 12:51 KirolaLehiaketa asko bertan behera geratu ziranez, kontrolak be gitxiago izan ziran.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Jon Redondo Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak Dopinaren Kontrako Euskal Agentziaren 2020ko jarduerearen balantzea aurkeztu dabe, Bilbon egindako agerraldian. Pandemiak baldintzatutako urtea izan zan igazkoa, datuek erakusten dabenez.
Lehiaketa asko bertan behera geratu ziranez, agentziak dopina atzemoteko kontrol gitxiago egin zituan 2020an, aurreko urtean egindakoen erdiak, gitxi gorabehera. 145 kontrol izan ziran, horretarako antolatutako 46 misinotan. Agentziak ez dau isunak jarteko espediente bakar bat be zabaldu, dopinik ez dalako topau.
Hiru kasutan baino ez ziran egon datu susmagarriak, baina horreetako bitan analisi osogarriek erakutsi eben dopinik ez zala egon; hirugarren kasuan, debekatutako substantzia bat hartu eban kirolariak, baina beharrizan mediko bategaitik, jagokon baimenagaz.
2020an egindako proben erdia baino gehitxuago (% 58) lehiaketetan egin ziran. Ganerakoak, kirolarien entrenamenduetan. Kirol modalidadeei jagokenez, arraunean egin ziran dopinaren kontrako proba gehien, alde handiz: 84, erdiak baino gehiago.
Ondoren, errepideko txirrindularitzea (14), triatloia (11), atletismoa (10) eta pelotea (8) dagoz zerrendearen goialdean. Duatloian, halterofilian, errepideko atletismoan, euskal pentatloian, harri-jasotean eta aizkolaritzan be egin ziran probak, baina gitxi.
Dopinaren Kontrako Euskal Agentziak heziketa eta sensibilizazino lana be egiten dau, kirolari, federazino eta teknikarientzako berbaldi eta aholkularitzearen bidez. Horri esker, Dopinaren Kontrako Nazinoarteko Agentziako kide izateko baldintzak beteten ditu bertoko agentziak, eta Eusko Jaurlaritzea lanean dabil kide izateko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!