Aritz Adurizen izena dauen kirol-pistea zabaldu dabe Bilbon

Bizkaie! 2021-04-15 11:57   Kirola

Gizarte-inklusinoa kirolaren bidez bultzatzea da Johan Cruyff Fundazinoaren helburua.

Bilboko Otxarkoaga auzoan, Txurdinagatik hur, kirol ekipemandu barria zabaldu dabe, futbolean jokatzeko bedar artifizialeko pista bat. Aritz Aduriz Bilbao Cruyff Court izena emon deutse, Johan Cruyff Fundazinoaren ekimenez eregi dabelako, eta Aritz Aduriz futbolari ohia omentzea dalako asmoa.

Fundazinoak eregi dauen era honetako seigarren pistea da Bilbokoa, Euskal Herrian lehenengoa. Gizarte-inklusinoa eta kohesinoa bultzatzea da kirol ekipamendu honeen helburua, bazterkeria sufriduteko arriskuan dagozan auzotarren artean kirolaren balioak zabalduz eta aisialdirako aukerak eskainiz. 

Aritz Aduriz pistearen inaugurazinoan, Johan Cruyff Fundazinoko zuzendari Pati Rouragaz batera, Amaia Agirre Bilboko alkateordea, La Caixa Fundazinoko ordezkari Xavier Bertolín eta Aritz Aduriz bera egon dira. 

Pistea erabilera librekoa da, eta bedar artifiziala moketa erakoa da, erosotasuna eta segurtasuna ziurtetako. Ohiko futbol zelaiak baino txikiagoa da, baina beti-betiko funtzinoa bete nahi dau, hau da, auzoko ume eta gazteen topagune izatea, alkarregaz ondo pasau eta kirolaren balioak ikasi deiezan. Adibidez, erantzunkizuna, errespetua, talde-lana eta ohitura osasungarriak. 

Pistea eregiteko akordioan aitatzen da, ganera, proiektuaren bultzatzaileek hartuko dabela ekipamenduaren mantenuaren ardurea, eta ingurua dinamizetako jarduerak antolatuko dituela. Besteak beste, ikastaroak eta txapelketak dagoz aurreikusita.

Fundazinoak eregiten dituan era honetako pista guztiek futbolari ezagun eta eredugarri baten izena daroe. Bilboko kasuan, Aritz Aduriz aukeratu dabe, igaz arte Athleticen jokatu eban jokalaria. Bilboko taldean zein beste batzuetan pilo bat gol sartu eta gero, lesino baten erruz itxi eban futbola. Zaleen kutuna izan arren, beti apaltasunez jokatu izan dau Adurizek, eta gizartearen aldeko ekimenetan parte hartzeko prest egoten da. 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu