Bertoko bandak oholtzan, XVI. 'Poltsiko musika'-n

Bizkaie! 2021-04-06 09:27   Musikea

Apirileko barikuetan izango dira kontzertuak, Bilboko Bertendona Institutuan.

Kulturearen sektoreari laguntzeko eta publikoari hur-hurreko sortzaileen lana erakusteko asmoz, Bilboko Udalak XVI. Poltsiko musika zikloa antolatu dau apirilean. Lau kontzertu izango dira, hilaren 9an, 16an, 23an eta 30ean, danak barikuak. Uriaren erdiguneko Bertendona Institutuan izango dira saioak, 18:30ean. Sarrerak 5 euroan erosi leitekez, hemen

Aurtengo edizinoan, bertoko musikarien eta banden alde egin dabe egitaraua atontzeko orduan. Km 0 kulturea dala dino Udalak. Dana dala, pandemiaren ondoriozko neurriakaitik, ez da erraza kanpoko taldeak ekartea. Poltsiko musika bertoko kultura eskaintzea bizibarritzeko #BilbaoUdaberria2021 programa zabalagoaren parte be bada. 

Lehenengo hitzorduan, apirilaren 9koan, Maria Rivero & Tribu Banda entzun ahal izango doguz. Bakarka zein taldeka ibilbide musikal luzea dauen Maria Riverok (ahotsa eta gitarrea) bat egin dau oraingoan Tribu Banda hirukoteagaz: Eriz Pérez (tekladuak), Josean Valle (tekladuak) eta Gorka Chamorro (perkusinoa). Antolatzaileen arabera, letra sakonak eta melodia lasaiak ekarriko ditu kontzertu honek, abesti bakotxean emozino, poesia eta soinu ugari.

Hilaren 16ko saioan, Jesús Ayestaran agertuko da oholtzan. Musikari bizkaitarrak, bakarlari formatuan eta gitarrea lagun, bere kantuak eta artista ezagunen bersinoak joko ditu. Apirilaren 30ean, Cristina Narea konpositore eta abeslariaren kontzertua egongo da, Rafa Aceves piano jolea alboan dauela. 

Azkenik, apirilaren 30ean, Urbanetniko Trio taldeak joko dau Bertendona Institutuan. Jazzaren eta hainbat estiloren arteko alkarrizketea eskainiko dabe, rocka, funka, world music, latina eta abar. Blas Fernandez bateria jolea, José Luis Canal piano jolea eta Raúl Vera gitarra jolea dira hirukote honetako kideak. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu