Maiatzean bueltauko da FANT Bilbora

Bizkaie! 2021-03-05 12:37   Zinemea

Aurretik, martiaren 10ean hasita, PreFANT zikloaz gozau ahal izango dabe zaleek.

Urteroko hitzordua berreskuratuko dau 2021ean FANTek, Fantasiazko eta Bildurrezko Zinemearen Nazinoarteko Jaialdiak. Genero horretako zaleen gozamenerako, maiatzaren 7tik 16ra egingo dabe. 27. edizino honetako kartelak The Ring kultuzko film japoniarrari egiten deutso erreferentzia.

Bilboko Udalak azaldu dauenez, kartelaren asmoa da ikusle bilbotarrak ikara eta suspensezko giroan sartzea. Eguneroko bizimoduko lekurik ohikoenean sortu daiteke ustebakoa, eta gatxa da errealidadeari iges egitea, adierazo nahi dabe kartelaren bidez. 

Jaialdia bera hasi aurreko asteetan, ganera, motorrak berotzeko proposamenak dakarrez antolatzaileek, PreFANT zikloan. Aurrestreinaldiak eta film klasikoen proiekzinoak egongo dira Bilboko Golem zinema-aretoetan, dobako saioetan. Lehenengo hitzordua martiaren 10ean, eguaztena, izango da, 19:00etan. Relic proiektauko dabe, Natalie Erica James australiarrak zuzendutako filma. 

Edna izeneko emakume zahar bat da Relic-eko protagonistea. Haren desagerpen misteriotsuak arduratu egingo ditu alaba eta lobak, baina misterioa handitu baino ez da egingo Edna barriro agertzen danean. Etxea indar ezkuturen batek hartu nahi ete dauen susmatzen hasiko dira, eta gero eta egoera bildurgarriagoei egin beharko deutse aurre.

PreFANTek, bestetik, 1991ko The Silence of Lambs pelikula ezagunari omenaldia egingo deutso, aurten estreinalditik 30 urte bete diran ezkero. Jonathan Demme izan zan filmaren zuzendaria, eta ikusleen gogoan betiko sartu ziran Anthony Hopkins eta Jodie Foster aktoreen pertsonaiak. Maisulantzat joten da gaur egun film hau. Martiaren 25ean Golemen ikusi ahal izango da.

Apirilean, PreFANTeko egitaraua biribiltzeko, Asiatik heldutako film bi ikusi ahal izango dira. 22an, Peninsula, Sang-ho Yeon hegokorearrak 2020an zuzendua. 29an, Hideo Nakata japoniarraren The Ring, 1998an estreinautako lana, fantasiazko generoaren zaleen kutunetako bat. 

PreFANTeko saioetara joatea doban da, baina gonbidapenak eskatu behar dira emonaldi bakotxaren egunean, Golemeko leihatilan (gehienez, personako bi). Saio guztiak 19:00etan hasiko dira, eta gonbidapenak 16:00etatik egongo dira eskuragarri. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu