Trilogia biribildu dau Joseba Sarrionandiak
2020-12-03 09:41 KultureaAurreko bietan egin eban legez, egunkari formatua dau liburu barriak.
Donostian aurkeztu dau Pamiela argitaletxeak Joseba Sarrionandiaren lan barria, baina idazlea bera ez da ekitaldian egon, Habanan bizi dalako. Kubako uriburutik ordu laureneko bideoa bialdu dau iurretarrak, Gauzak direna balira izeneko liburuaren ganeko azalpenak emoteko. Honenbestez, Habanako gaukarien trilogia amaitutzat jo dau.
2018an argitaratu eban hiruko serie horren lehenengo alea, Bizitzea ez al da oso arriskutsua?, eta urtebete geroago heldu zan bigarrena, Airea ez da debalde. Orain plazaratutako hirugarren honetan, aurreko bietan erabilitako formeari eutsi deutso: egunkari edo eguneroko itxurako saiakerea da Gauzak direna balira, eta ingurukoaz gogoeta eta analisia egiten dau Sarrionandiak, gai ugari jorratuta.
Habanatik bialdutako bideoan azaldu dauenez, oraingo honetan ez dau egunkari intimoa idazteko asmorik izan, formatuak horretarako bidea emon arren. Mundua ulertzeko giltzarriak topau nahi izan ditu. Liburuak badauka, baina, misterio edo iluntasun puntu bat, azken batez gaukaria dalako egunkaria baino.
Idazteak emoten deutsazan plazer txikiak be aitatu ditu idazle iurretarrak. Onartu dau, sarritan, idazleak helburu imaginario edo ezinezkoen bila ibilten dirala, baina, hareetara heldu ez arren, bideak aberastu egiten dituala. Berak halako plazerrak bizi izan dituala dino Gauzak direna balira idazteko orduan, adibidez berba batzuk topau eta erabili dituanean. Euskeraz idazteagaitik komunidade baten parte sentiduten dala azpimarratu dau.
Fernando Rey izan da liburuaren editorea. Jazoera txiki zein handien inguruko gogoeta baliotsuz betetako lana topau dauela azaldu dau. Sarrionandiagaz izandako barriketaldi ugarietan danetariko gaiak jorratu ahal izana esperientzia bikaintzat jo dau. Euskal esklabisten inguruko pasarteak nabarmendu ditu Reyk.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!