Sormen barritzailearen plazea Galdakaon

Bizkaie! 2020-12-02 10:17   Kulturea

Egitarau zabala dakar Sormene ekimen barriak, abenduaren 14tik 20ra.

Iñigo Hernando alkatea, Edurne Espilla zinegotzia eta Gotzon Barandiaran (argazkia: Galdakaoko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal kultureak azkenaldion bizi dauen sasoi ilunean argia ekarteko asmoz dator Sormene, Galdakaon sortu dan programazino barria. Euskal kultura barritzailearen plazea izango da: kontzertuak, tailerrak, berbaldiak, aurkezpenak... egongo dira abenduaren 14tik 20ra Torrezabal kultur etxean. Webgunearen bidez, Euskal Herri osora zabaldu nahi dabe euskal sorkuntzea.

Aurten lehenengo edizinoa izango dan arren, urterik urteko hitzordu bihurtu gura dabe Sormene. Galdakaoko alkate Iñigo Hernandok egitarauaren aurkezpenean azaldu dauenez, urte asko barru Sormene martxan egotea espero dau. Hain zuzen be, Galdakaoko Udala da antolatzaile eta bultzatzailea, eta Alboka enpreseari emon deutso prestakuntza guztia, Dijitalidadea laguntzaile dala. 

Makina bat artista eta sortzailek hartuko dabe parte Sormenen, egitura zehatz baten arabera: Astegunetan, goizez, ikastetxeetako neska-mutilentzako jarduera bereziak egongo dira, eta, arratsaldez, emonaldiak publiko guztiarentzat. Asteburuan be egongo dira saioak, eta, ganera, ekimen literario eta musikalak aurkezteko saioak antolatuko ditue, Ahotseneagaz alkarlanean. 

Aitatzekoa da egitarauko sortzaile gehienak emakumezkoak dirala, hareen lana nabarmentzea dalako Sormeneren ardatzetako bat. Euskerea izango da beste oinarri nagusi bat. Gotzon Barandiaran zuzendari artistikoak azaldu dauenez, euskal kulturearen ahotsa galtzen dago, plazak desagertu ahala. Horregaitik, leku hori berreskuratzeko ahalegina da Galdakaokoa. Ganera, euskal kulturea konsumidu eta gozauko daben zaleak sortzea be bada asmoa, eurak barik ezinezkoa dalako ekosistema osasuntsua izatea. 

Musikeari jagokonez, aitatzekoak dira Kai Nakai, Eñaut Elorrieta eta J.Martina, beste askoren artean. Poesia eroango dabe Lizar Begoñak, Leire Bilbaok eta Miren Agur Meabek. Antzerkia be egongo da (Tripak Kolektiboa, Kirats Teatroa...), baita bertsolaritzeari lotutako Erradikalak ginen ikuskizuna be. Dozena bat sortzailek baino gehiagok egingo ditue aurkezpen laburrak, hilaren 19an eta 20an. Egitarau osoa webgunean argitaratu dabe.

Ekitaldi guztiak Torrezabalen izango badira be, gehienak internet bidez ikusi ahal izango ditu nahi dauenak. Ezinbestekoa izango da hori, Covid-19ak eragindako osasun egoereagaitik ez dalako erraza izango Galdakaora joatea edo aretoan jente asko sartzea. Dana dala, luzera begira, Sormene Galdakaoko kaleetara eroan nahiko leukie antolatzaileek. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu