Miguel Unamuno, Blas de Otero eta Gabriel Aresti lehiaketetako sariak emon ditue
2020-11-30 09:22 KultureaLiteraturea bultzatzeko egiten dau deialdia urtero Bilboko Udalak.
Miguel Unamuno saiakera saria, Blas de Otero poesia lehiaketea eta Gabriel Aresti ipuin sariketearen 2020ko edizinoen irabazleen barri emon dau Bilboko Udalak. Urtero egiten dabe deialdia, literaturearen hainbat alorretako lanak saritzeko asmoz, eta bertoko eta kanpoko idazle ugarik hartzen dabe parte. Aurtengo sariak emoteko ekitaldiaren buru Gonzalo Olabarria Kultura zinegotzia izan da.
Miguel Unamuno XXI. Saiakera Sariak
Euskerazko atalean Irati Jimenez Uriarte izan da irabazlea, Erabakiak eta esanahiak, hautuak eta sinboloak. Idazkera kontzientea eta inkontzientea Harkaitz Canoren Neguko Zirkuan lan mamintsuagaitik. Izenburuak dinoanez, Harkaitz Cano idazlearen Neguko Zirkua obrea aztertu dau Jimenezek, bertako ipuinak aztertu eta azpiko esangurak agertzeko asmoz.
Epaimahaiaren eretxian, Irati Jiménezena azterlan zehe eta originala da, obrearen ezagutza sakona erakusten dau, eta, aldi berean, obrearen berezitasunak agertzen ditu modu barritzailean. Jimenezek jorratu dau Cano bere betebeharraz zelan jaubetzen dan, eta zelan gauzatzen eta bideratzen dauen egiteko hori.
Gaztelaniazko atalean, ostera, Francesc Torralba izan da irabazlea. El hermano del hijo pródigo. Del resentimiento a la reconciliación izeneko saiakerea idatzi dau, emozino eta jokabide unibersalak aztertzeko asmoz.
Blas de Otero XIII. Poesia Lehiaketea
Jokin Erkoreka Abioren olerki-bildumea, Banda, izan da euskerazko kategoriako irabazlea. Epaimahaiak nabarmendu dau, ohi baino laburragoa izan arren, oso zehatza dala obrea, eta baita egitura biribilekoa be. Irratsaio baten moduan landua da, eta erritmoa bilatu dau, poema luzeak eta laburrak tartekatuta. Uria eta naturea buztartu ditu egileak, sarritan tonu apokaliptikoz, eta beste batzuetan barruko babesa bilatuz.
Gaztelaniazko atalean, parte-hartzeak nabarmen egin dau gora, mila lan inguru jaso ditue aurtengo deialdian. Horreen guztien artean, Sergio García Zamora kubatarraren Los maniquíes enfermos aukeratu dau epaimahaiak, baliabide literarioak bikain erabili ditualako.
Gabriel Aresti XXVII. Ipuin Sariketea
Mikel Ayllon Corralek idatzitako Emakume-bala izan da euskerazko modalidadeko irabazlea. Ipuinaren planoen artean dagoan joko eta erlazino interesgarriagaitik emon deutse saria. Gaztelaniazko atalean, ostera, Nora Canalen La tumba de Adam Smith izan da onena.
Akzesitak be emon emon ditue Gabriel Aresti sariketan. Euskeraz, bi: Lourdes Unzueta Zamalloari (Neskatoa ogi bila doanekoa) eta Itziar Ugarte Irizarri (Beraneantea). Gaztelaniaz, beste bi: Jesús Barriori (Casa Museo) eta Ricardo Chávezi (El día río del perro muerto).
Irabazle biek 3.500 euro gordin eskuratu ditue bakotxak. Akzesitak 1.750 eurokoak izan dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!