Euskal zinemeak parte-hartze nabarmena izango dau Abycine Jaialdiko merkatuan

Bizkaie! 2020-10-26 09:31   Zinemea

Bederatzi euskal proiektuk parte hartuko dabe urriaren 30era arte.

Euskal zinemearen presentzia nabarmenena Abycine Lanzaren merkatu atalean izango da eta zinemagileek laguntzea izango dabe bertan, euren lanak eta banaketea aurrera eroateko. Albaceteko topaketearen XXII. edizinoan, lanketa fasean dagozan 18 fikzinozko film luze eta dokumental aukeratu ditue, proposamenen sormena oinarritzat hartuz. Hautatutako lanen artean dagoz Esti Urresolaren 20.000 especies de abejas (Sirimiri Films eta Gariza Films), Jorge Moneoren Almanaka (Kalakalab), Tamara Lucariniren El peso (Banatu Filmak), David Desolaren El padre de todos nosotros (Basque Films) eta Iratxe Fresnedaren Tetuán (Pimpinella Films eta Marmoka Films). Gainera, Sara Fantova (Noka Mentoring programako parte-hartzailea) zinemagileak bere lehengo film luzea dan Jone a veces aurkeztuko dau proiektu gonbidatu legez. Zinemagileek euren proiektuak topaketa publikoetan aurkeztu ahal izango ditue, baita banakako saioetan be eta foroan batuko diran Espainiako nahiz nazinoarteko profesionalen aholkularitzea jasoko dabe.

Arantza Santestebanen 918 gau (Txintxua Films eta Hiruki Filmak) film luzea, barriz, postprodukzino fasean dagozan V. Work In Progress foroan izango da, Espainiako zinema independenteko talentua nabarmentzen dauen atalean, hain zuzen. Gainera, David Pérez Sañudoren Ane (Amania Films) pelikuleak Abycine Indie sailean parte hartuko dau, hau da, zinema-aretoetan era komertzialean estreinatu ez diran edo banaketa murriztua izan daben eta jaialdi honek aldarrikatzen dauen fenomeno independentearen erakusle diran filmen atalean.

Bestalde, David Pérez Sañudoren Ane (Amania Films) Sail Ofizialean lehiatuko da eta Paul Urkijok aurkeztutako azken film laburra, Dar-dar (Ikusgarri Films), Abycine Cortos atalean hautatu dabe; Juan Palaciosen Meseta pelikulea (Doxa Produkzinoak eta Jaibo Films) Talentos Abycine Lanza sailean egongo da. Atal horrek aurreko urteetan Abycine Lanza-Mercado Audiovisual Independiente sailean proiektu lez parte hartu daben filmak batzen ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu