62. Zinebik euskal ikus-entzunezkoen produkzinoa babestu dau

Bizkaie! 2020-09-18 13:22   Zinemea

Zinebi Networking Dokumentalen Sorgunea erabiliko dau horretarako.

Euskal Produktoreen Alkarteagaz (EPE-APV), ETBgaz, Europa Creativa Media Desk Euskadigaz eta Zineuskadigaz lankidetzan, foroa edegita dago produktore zein zinemagileentzat eta lanketa egoeran edo produkzinoan dagozan film luze dokumentalen proiektuak aurkeztu ahal izango ditue. Izen-emoteak urriaren 12ra arte egin ahal izango dira Zinemaldiaren webgunean.

Bilboko Udalak atondutako Zinebi - Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak Zinebi Networking. Dokumentalen sorgunea zinema dokumentalaren hirugarren foro profesionalaren deialdia edegi dau. Bilbon, Bizkaian eta Euskadin ikus-entzunezkoen produkzinoa bultzatzea dau helburu.

Aurkeztutako lanen artean, lanketa aurreratuko egoeran edo dagoeneko produkzinoan, profesionalek eta adituek osotutako hautaketa-batzorde batek, Zinebiko zuzendaritzeagaz batera, foroan parte hartuko duten zortzi proiektu aukeratuko ditu gehienez. Batzorde horrek lan bakotxaren idea, proposamen estetikoa, bideragarritasuna eta produziduteko aukerak balorauko ditu.

Hautatutako dokumentalek tutoretza personalizatuen saio batean parte hartuko dabe jentaurrean aurkeztu aurretik eta sektoreko profesional batek bermatuko dau, pitching saio batean, epaimahaiko kide izango diran profesionalen aurrean. Ondoren, mueta horretako ekitaldi profesionalak egiteari buruz indarreko araudiaren arabera, aholkularitza-bilera personalak egingo dira parte-hartzaileen artean.

Zinebi Networking. Dokumentalen sorgunea saria jaialdiaren amaiera ekitaldian emongo da, zemendiaren 20an, Arriaga Antzokian eta 10.000 eurokoa izango da.


Euskal zinemeari eta bertoko talentuari laguntzea

Zinebi Networking. Dokumentalen sorgunea euskal zinemagintzan sormena sustatzeko eta ikus-entzunezkoen produkzinoa suspertzeko ekimena da; horretarako, foro honek dinamizazinoa bultzatu nahi dau eta, aurten, COVID-19ren pandemiak jota, industria-ehuna suspertzea: Gurean zinema dokumentaleko proiektu sortzaileak eta independenteak sortzen laguntzea da helburua, baita bertoko eta nazinoarteko produkzinoen artean sinergiak ezartzea be, adierazo dabe antolatzaileek.

Esangura horretan, Zinebik foro hori hirugarren urtez jarraian programau dau, bertoko talentuari profesionalakaz eta adituakaz hartu-emonetan jarteko aukerea zein dokumentu-proiektuak bikain lantzeko moduari buruzko aholkuak emonez.

Zinebi Networking. Dokumentalen sorgunea lehen edizinoko saria Meseta (Juan Palacios, 2018) film luze dokumentalak irabazi eban. Ondoren, Doxa Produccionesen filmak, CPH izenburukoak, hain zuzen be, DOX 2019, zinema dokumentalaren jaialdi entzutetsuan izan eban mundu mailako estreinaldia, epaimahaiaren aitamen berezia irabazita, ibilbide arrakastatsu bat hasi aurretik beste jaialdi batzuetan, besteak beste, Xixón, Pesaro (Italia), DocumentaMadrid edo Hong Kongen. Igazko proiektu irabazlea Bost minutu izan zan, Amaia Nerekan Umaranek zuzendua, gaur egun produkzino fasean dagoana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu