Deiadar Mendien Eguna ez da egingo urriaren 3an

Bizkaie! 2020-09-10 10:37   Kulturea

XVII. edizinoaren ospakizuna 2021eko irailera edo urrira atzeratuko da.





Deiadar mendietara egiten dan igoereak urtebete itxaron beharko dau. Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak Mahaiari jakinarazo deutsanez, urriaren 3an Gorbeian ospatu behar zan Deiadar Mendien Egunaren XVII. edizinoa 2021era atzeratuko da, koronabirusak eragindako pandemia dala eta.

Mendiko martxa klasikoaren bultzatzaileak diran Bizkaiko Batzar Nagusiek uste dabenez, pandemiak azkenengo asteetan izan dauen bilakaera negatiboa ikusita, beharrezkoa izan da urtero deiadar mendietako batean ehunka mendizale batzen dituan hitzordua bertan behera ixtea. Erabagia, osasun erakundeakaz eta urtero Bizkaiko ohiturakaz egiten dan hitzorduaren antolakuntzan laguntzen daben mendi taldeakaz berba egin ostean hartu da, beste edozeren ganetik, Bizkaiko Batzarrek lehentasuna emon deutse hain ekitaldi garrantzitsuan parte hartzen daben personen segurtasunari eta osasunari.

Deiadar mendien tradizinoak agintzen dauen moduan, Gorbeiak hartu behar eban igaz Ganekogortako tontorrean ospatu zan hitzorduaren lekukoa, aurretik Sollubek, Oizek eta Kolitzak egin eben moduan. Edade guztietako mendizaleak igoten dira urtero tontor horreetako batera, adarrotsa entzuteko; Antonio de Truebak idatzitako kondaireak dakarrenez, XIV. eta XV. gizaldietan Gernikan egiten ziran bileretarako deia holan, adarrotsaren bitartez, egiten zan.

Bizkaiko Batzar Nagusiek, erakundea barriro beharrean hasi osteko 25. urteurrena zala eta 2004an martxan jarritako tradizinoari jarraipena emonez, ohitureagaz jarraitu gura eben, urriaren 3an Gorbeian adarrotsa zabalduz, oraingo honetan Lemoako Ganzabal mendi taldearen laguntzeagaz. Covid-19aren eragina dala eta, Bizkaiko Batzar Nagusiek egindako deia da 2021eko irailean edo urrian egingo dala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu