'La trinchera infinita' eta 'El hoyo', Europako Zinema Sarietan hautagai

Bizkaie! 2020-08-19 08:15   Zinemea

Behin betiko izendapenak ebatzi aurreko 32 filmeko zerrendan sartu ditue.

'La trinchera infinita' | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal zinemagintzearen aurreko hileetako produkzino bi Europako film onenen artean lehiatuko dira, Europako Zinema Sarietan (European Film Awards, EFA). Galder Gaztelu-Urrutiaren El hoyo eta Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren La trinchera infinita dira. Film biak, lehendik be, kritika onak eta sari potoloak jasota dagoz.

EFAko arduradunek 32 pelikulako zerrendea emon dabe, eta hor agiri dira euskal produkzino biak. Aurrerago, beste 32ren barri emongo dabe. Horreetatik guztietatik urtengo dabe behin betiko izendapenek. Covid-19aren pandemiagaitik dabiz erabilten horren sistema arraroa hautagaiak iragarteko.

El hoyo eta La trinchera infinita-gaz batera, orain ezagutu dogun 32ko zerrendan zeresana emon daben beste film europar ugari dagoz: Rodrigo Sorogoyenen Madre, Costa-Gavrasen Adults in the Room, István Szabóren Final Report, Viggo Mortensenen Falling...

Galder Gaztelu-Urrutiaren El hoyo filmaren planteamendu barritzaileak publikoaren eta kritikearen oneretxia jaso eban konfinamenduaren aurreko hileetan. Thriller distopiko horretan, protagonistak alkarren ganeko mailetan banatuta dagoz, eta jatekoa goitik behera dator. Hortaz, gorago dagozanek lagatakoa baino ezin dau jan bakotxak, eta zenbat eta beherago, okerrago. Gizakien portaerea eta muturreko egoerak arakatzen ditu zuzendari bilbotarrak. Sitgesko zinemaldiko sari nagusia irabazi eban, besteak beste.

La trinchera infinita, ostera, Gerra Zibileko istorio hunkigarri bat da. Azkenaldion film bikainak emon dituan lantaldea dago atzean, Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga gipuzkoarrak buru. Errepresinoaren bildur, 30 urte etxeko zulo baten ezkutuan pasauko dituan gizon baten eta haren andrearen gorabeherak dira ardatza. 2019ko Donostiako Zinemaldian zuzendari onenaren Zidarrezko Maskorra emon eutsen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu