Euskerazko lau film doban ikusi ahal izango dira Durangon
2020-08-17 12:56 ZinemeaZugaza zinema-aretoagaz akordioa egin dau Udalak.
Hurrengo egunotan euskerazko eskaintza zabala izango dau Durangoko Zugaza zinema-aretoak, Udalagaz egindako akordioari esker. Umeentzako lau film emongo ditue euskeraz, abuztuaren 24, 26 eta 31n eta irailaren 2an. Emonaldietara doban sartu ahal izango da, ganera. Gonbidapenak Zugazako txarteldegian eskatu leitekez.
Durangoko Udalak azaldu dauenez, euskerazko astialdia bultzatzeaz gan, akordio honen arrazoi nagusia da Zugaza aretoari laguntzea. Izan be, 1927an zabaldu ebenetik lehenengo aldiz, denporaldi batez itxi egin behar izan dabe aretoa, pandemiagaitik. Gerran be ez eben zarratu, ezta Durangoko bonbardaketak izan ziranean be.
Durangoko kultur eskaintzea ezin hobeto isladatzen dauen Zugaza zinema-aretoari eta euskerazko filmei bultzadatxu bat emon nahi deutsela zehaztu dabe Udaleko ordezkariek, aretoan bertan egindako agerraldian. Herriko hainbat sektore ekonomikori laguntzeko planaren barruan dago akordioa. Dendentzako diru-laguntzinoak atera dituan moduan, kulturgintzeari laguntzea be ezinbestekotzat jo dau Udalak. Kultur Bonoa, sortzaileentzako diru-poltsea eta Zugaza zinemako programazino berezia dira horren lekuko.
Beste sektore batzuk bezela, oso egoera prekarioan eta larrian dagoan sektorea da kulturgintzea, eta Udal honek oso argi dauka kulturarik bako herri bat ezin dala inondik inora berbiztu, azaldu dabe Udaleko ordezkariek. Horregaitik, beste sektoreei bideratutako laguntzinoez gan, kultureari bultzadatxua emon nahi deutsagu.
Zugaza zinema-aretoan emongo dituen lau filmak 4-10 urte bitarteko umeentzat izango dira, eta eguerdiko 12:00etan hasiko da egun bakotxeko proiekzinoa. Hauxe da egitaraua:
- Abuztuak 24: Luis eta Estralurtarrak.
- Abuztuak 26: Oin handiaren semea.
- Abuztuak 31: Lur eta Amets.
- Irailak 2: Mr Link.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!