Bueltan da Zinema Euskaraz

Bizkaie! 2020-08-12 11:48   Zinemea

Abuztuaren 21ean Bihurri estreinauko dabe zinema-aretoetan.

Hilebete batzuetako geldialdia atzean itxita, Zineuskadik bultzatzen dauen Zinema Euskaraz egitasmoak programazinoari ekingo deutso barriro abuztuaren 21ean. Egun horretatik aurrera, Bihurri, jauretxetik kale gorrira marrazki bizidunetako filma proiektauko dabe hainbat aretotan, euskerara bikoxtuta. Izan be, pelikulak euskeraz ikusteko aukerea emon eta aisialdian euskerazko alternatibak eskaintzea da egitasmoaren helburu nagusia, batez be umeentzat eta euren familientzat.

Alvin eta urtxintxak pelikula famatuaren egile Kevin Johnson da Bihurri-ren zuzendaria. Bihurri izeneko txakurra da protagonista nagusia, haren jaube aberatsa hil eta gero kalean bizi dan animalia gaixoa. Zorionez, Zoe izeneko neskato batek etxera eroango dau. Antxinako jaubeak bere aberastasun guztien oinordeko izentau eban Bihurri, baina, horren erruz, iloba gaiztoakandik igesean ibili beharko dau, herentzia eurentzat nahi dabelako.

Zinema Euskaraz programeari esker, Estadu Batuetatik datorren pelikula barri hori euskeraz ikusi ahal izango da hainbat zinema-aretotan. Gitxienez, Bilboko Golem eta Multi, Gasteizko Gorbeia, Errenteriako Niessen eta Donostiako Principe aretoetan egongo dira emonaldiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu