Bilboko Aste Nahasia ez dabe egingo

Bizkaie! 2020-08-11 10:42   Pil-pilean

Osasun egoera gero eta okerragoak bultzatuta hartu dabe erabagia Konparsek.

Irune Usunaga Gilen 'Kolore Nagusiak', kartel lehiaketako irabazlea; Aste Nahasirik ez da egongo, baina. | Ikusi handiago | Argazki originala

Egitarau alternatiboa atonduta euki dabe Bilboko Konparsek, Aste Nahasia izenekoa, Covid-19aren erruz bertan behera geratu dan Aste Nagusia zelanbait ordezkatzeko. Baina osasun arloan azken egunotan izan diran barriek bultzatuta, Aste Nahasia be bertan behera ixtea erabagi dabe Konparsetako kideek aho batez, halako ekitaldiek sortu leikezen jente piloketakaitik.

Parte-hartzaileen osasuna guztiz bermatzeko, Aste Nahasiko ekitaldi guztietan osasun neurririk zorrotzenak hartzekoak izan dira. Halandabe, gero eta Covid-19 kasu gehiago agertzen hasi dira Euskal Herrian, egunero ehundazak positibo barri dagoz, eta, ganera, Bilbo da uririk kaltetuenetako bat. Horrenbestez, baldintzarik seguruenetan be Aste Nahasia egitea ez dala egokia pentsau dabe Konparsek.

Martian pandemia hasi zanetik, Konparsek behin eta barriro aldarrikatu dabe herri honek irribarrea, ilusinoa, esperantzea, eta jaia behar dituala, baina, jakina, ospitaleetako ZIUak bete barik. Hortaz, osasuna, alkar jagotea eta prebentzinoa lehenetsi ditue. Pandemiak eta krisi ekonomikoak jotako Bilbo alaitzeko, entretenimendua eta kulturea eskaintzea zan asmoa, baina ezin izango da.

Egitaraua bertan behera ixteko erabagia osasun egoereak eragin badau be, Bilboko Udalak jarri dituan trabak salatu ditue Konparsek. Azken urteotan ohikoa izan dan alkarlana alboratu, eta Udalak inposizinoaren alde egin dauela dinoe. Beste ekitaldi batzuk, adibidez uda guztian martxan dagoan #BilbaoUda2020, antolatu eta bultzatzen dituan bitartean, Udalak Aste Nahasiko ekitaldiei traba ugari jarri deutsezela azaldu dabe Konparsek.

Aste Nahasia abuztuaren 22an izan da hastekoa, eta 51 ekitaldiko egitaraua prest euki dau: bertsolariak, berbaldiak, umeen tailerrak, eskaladea, bertoko baserritarren merkaduak, zinemea, antzezlanak, kontzertu akustikoak, zientzia-tailerrak, mahai-jokoak, triple-txapelketak... Hori guztia, aforo mugatuagaz (30-100 lagun artean) eta osasun neurri zorrotzenak beteta.

Aste Nahasirik egongo ez dan arren, garagarrilean martxan jarritako kartel lehiaketea, behinik behin, amaieraraino egin dabe. Egunotan aurkeztu zituen hiru finalistak, eta, orain, irabazlea Irune Usunaga Gilek egindako Kolore Nagusiak izeneko kartela dala jakin eragin dabe Konparsek.

Bilboko Udalaren oharra

Konparsek euren erabagiaren barri emon eta lasterrera, Bilboko Udalak be adierazpena plazaratu dau, Covid-19aren inguruan. Udal taldeek eta Juan Mari Aburto alkateak eragile guztiei eskatu deutse aurten ez deiela Aste Nagusiagaz lotutako ekitaldirik antolatu, jente piloketarik ez daiten egon.

Hain zuzen be, Aste Nahasiaren kontura, Bilboko Konparsei zuzenean dei egiten deutse adierazpenak, baina testua zabaldu danerako Konparsek hartuta euki dabe egitarau osoa bertan behera ixteko erabagia, beraz, adierazpeneko puntu hori bete egin dala esan leiteke.

Udalak aurreratu dauenez, espazio publikoetan egin beharreko ekitaldietarako baimenik ez dau emongo aurrerantzean. Azkenik, uritarrei sen onari eta erantzunkizunari eusteko eskatu deutse talde politiko guztiek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu