CORTADA 2020ko oinarriak argitaratu ditue

Bizkaie! 2020-07-24 08:59   Zinemea

Film laburrak aurkezteko azken eguna irailaren 14a izango da.

Vitoria-Gasteizko XXIV. Film Laburren Jaialdia abian martxan dator, hain zuzen, jaialdi hori da Espainiako Zinema Arte eta Zientzien Akademiaren Goya sarietarako eta ikus-entzunezkoen produktoreen eskubideak kudeatzeko erakundearen (EGEDA) Forqué sarietarako kalifiketan dauen euskal ikus-entzunezko lehiaketa bakarra, ZINEBIgaz batera.

Gasteizko lehiaketa ospetsu hau Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibersidadeko Arabako Campuseko Errektoreordetzeak antolatzen dau, Vitoria-Gasteizko Udalaren eta Vital Fundazinoaren babesari esker. Aurten, 2020ko abenduaren 16tik 19ra egingo da.

Egungo egoerea aintzat hartuta, jaialdia egokitu egingo da agintari politiko eta sanitarioek zehaztutako jarraibideakaz bat etorteko eta aurrez aurre egiten jarraituko da, betibe egoereak horretarako aukerea emoten badau eta ospakizunaren momentuan egokiak diran edukiera eta garbitasun gomendioei jarraituz. Osasun alertea berrezarri ezkero edo salbuespenezko egoeraren bat izan ezkero, antolakuntzeak jaialdia era mistoan antolatzeko eskubidea izango dau: aurrez aurre eta online, edo birtualean baino ez, jaialdiaren webgunean edo egokitzat joten dituan bitartekoak erabilita. Jaialdiaren sail bat, HEMENGOAK izenekoa, online baino ez da izango eta edizino honetan Euskal Autonomia Erkidegoko lanek parte hartu ahal izango dabe.

Jaialdiko sail guztiak lehiaketearen parte izango dira, nahiz eta honako honeek izango diran ofizialak: Fikzinoa, Animazinoa, Dokumentala eta Gureak (euskal film laburrak). Lau mila eurotik gora banatuko dira sarietan. Salbuespena izango da Cortada Jaialdiaren XXIV. edizinoak ez dituala izango Unilabur eta EhuLabur sail ez-ofizialak; horreek, segurutik, 2021eko edizinoan berreskuratuko dira.

Era berean, salbuespenez, edizino honetan kendu egingo dira Publikoaren saria eta Euskerazko Film Labur Onenaren saria baina azken hori 2021eko edizinoan berreskuratuko da.

Euskerazko film laburrak sustatzeko, Ehuskarabanda Bideomaratoia be egingo da, 2020ko edizinoan erabat birtuala. Horren guztiaren barri irailean izango dogu

FESTHOME plataformearen bitartez emon daiteke izena. Film laburrak aurkezteko azken eguna irailaren 14a izango da. Oinarriak lehiaketearen webgunean eta UPV/EHUko Arabako Campuseko kulturaren webgunean ikusi daitekez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu