Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzino Foroa online izango da 2020an

Bizkaie! 2020-07-06 08:44   Zinemea

Garagarrilaren 15ean amaituko da proiektuak aurkezteko epea.

Aurten, osasun-krisialdia dala-eta, Donostiako Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzino Foroaren XVI. edizinoa modu birtualean egingo da, 2020ko irailaren 22an, 23an, 24an eta 25ean, Donostiako 68. Zinemaldiaren esparruan. Formatua eta programazioa egungo egoereagaz bat etorrita atonduko dabe, datorren edizinoa baldintza ezin hobeetan egingo dala bermatzeko.

Inskribidutako proiektu guztietatik hamalau hautatuko dira pitchinga atontzeko tailerretan parte hartzeko, finantziatzaile potentzialei eta ikus-entzunezkoen eta zinematografiaren sektoreko adituei aurkezteko eta eurekaz bilera indibidualizauak egiteko, hori guztia online. Formatu barriari esker, traba fisikoak ezabatu dira eta ohiko aditu panela zabaltzeko aukerea izango da.

Gainera, hautatutako proiektuak, banaketako eta festibaletako aholkularitzearen Treeline saria lortzeko lehiatuko dira. Proiektuaren aholkularitza saio bitan oinarrituko da sari hori; lehenengo saioa dokumentalaren garapen-fasean izango da eta bigarrena, barriz, dokumentala amaitutakoan. Gainera, IBAIAk, jarduera honen antolatzailea izanik, IBAIA saria emongo dau laugarren aldiz, 3.000 euro produktorearentzat. Kasu horretan, Commissioning Editors Panelak egingo ditu epai-lanak eta Panelak berak aukeratuko dau proiektu irabazlea, aurkezpena, originaltasuna, tratamendua eta zabalkunde-indarra balioetsita.

Garagarrilaren 15era arte, parte hartu nahi daben dokumental-produktoreek beren proiektuak online inskribiduteko aukerea izango dabe, foroaren webgunearen bitartez. Parte-hartzaile guztiei jakinarazoko jake ebazpena, garagarrilaren amaieran.

Kontuak kontu, www.lauhaizetara.eu foroaren orrian dagoz deialdiari eta inskripzino-prozesuari buruzko informazino guztia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu