Generoak nahastau ditu Oier Guillanek 'VHS' nobelan

Bizkaie! 2020-06-30 10:07   Kulturea

Memoria, abenturea eta misterioa ditu liburu barriak.

Leire Lopez Ziluaga (Susa) eta Oier Guillan, Donostian egindako aurkezpenean (argazkia: Susa argitaletxea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Ez da definiduten erraza Oier Guillanen nobela barria, idazleak berak VHS-ren aurkezpenean onartu dauenez. Alde batetik, memoriaren inguruko gogoetea da, bestetik, nobela baltzaren ezaugarri batzuk ditu, eta umorea, abenturea eta misterioa be bai. Baina ezin da genero bakar baten sartu, izatekotaz nobela transgeneroa litzatekeela dino Guillanek.

2001ean jazotako heriotza baten dago kontakizunaren abiapuntua. Victor izeneko aktorea auto istripuan hil zan, pailazo jantzita joiala. Hogei urte geroago, Ilehoria izeneko beste pertsonaia bat Victorren heriotzearen inguruan ikertzen hasiko da, orduko memoriak berreskuratzeko asmoz.

Iraganeko jazoera batek orainaldiko pertsonaien bizitzeak aktibauko ditu, Guillanen arabera. Horregaitik, memoria eta gomutak ezinbestekoak dira kontakizunean. Istorioak aurrera egin ahala, Victorren bizitzea gaurkotu egingo da, eta, era berean, gaur egungo pertsonaiak bide barrietan sartuko dira. Gogoratzea iragana berridaztea da, adierazo dau autoreak.

Istorio nagusitik kanpo hazten doa nobelea, adar eta bidezidor barriak agertu ahala. Horregaitik, elebarria hari bakar bategaz identifiketea edo laburpen bat egitea gatxa dala autortu dau Guillanek. Errealidadea gorputz sakabanatuetan agiri jakun moduan, nobelea be forma desbardineko kapituluetan banatzen da.

Itxialdian amaitu eban nobelea Oier Guillanek, izan be, paralisiari aurre egiteko botikea izan da literaturea. Errealidadeak erantzunik emon ez dauenean, arteak balio izan deutso zauriak osatzeko. Orain, Susa argitaletxearen eskutik plazaratu dau VHS.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu