Alberto Vázquezen ‘Homeless Home’ filmak Annecyko Epaimahaiaren Saria irabazi dau

Bizkaie! 2020-06-22 08:57   Zinemea

Animazino jaialdian sari nagusia jasotako lehen euskal film laburra da. 

Alberto Vázquezek zuzendutako eta UniKo eta Autour de Minuit etxeek produzidutako Homeless Home film laburrak Annecyko Epaimahaiaren Saria irabazi dau joan dan zapatuan, nazioarteko animazio jaialdiak emoten dituan sari nagusietarikoa.

Hitzordu ospetsuaren Sail Ofizialean lehiatu da Homeless Home eta harrera ezin hobea izan dau, animazinoaren sektoreko jaialdi garrantzitsuenean sari hori eskuratu dauen lehen euskal film laburra baita.

Egungo osasun egoerea dala eta, Annecy formatu birtualean egin da lehenengo aldiz eta horregaitik, filma datorren urteko edizinoan proiektauko dabe pantaila handian eta lantaldeko kideak bertan izango dira gonbidatu.

Alberto Vázquezen gainerako produkzinoen estilo grafiko desbardina dauka lan honek: akabera piktorikoa eta giro iluna aurkezten ditu. Hain zuzen, umezaroan irakurri zituan Erdi Aroko fantasiazko istorioetan inspirauta dago filma: The lord of the rings pelikulako antzeko mundu batean girotutako lana egin nahi neban, baina nire ikuspegi personalean oinarrituta, dino zuzendariak. Holan sortu zan film labur honen idea: Erdi Aroko testuinguruan jazoten dan fantasiazko istorio sozial eta existentziala. Lan entretenigarriak egitea gustetan jat, baina, horreaz gan, gerora gogoratuak izatea espero dot eta publikoak hausnarketarako tartea izatea, erantsi dau Vázquezek.

UniKo euskal produkzino etxea eta Alberto Vázquez alkarlanean hasi ziranetik hamar urte bete dira, eta aliantza hori oso emonkorra izan da, zuzendariak hiru Goya Sari eskuratu baititu urteotan, Birdboy eta Decorado film laburrakaitik eta Psiconautas, los niños olvidados film luzeagaitik. Gainera, alkarregaz eta beste eragile batzuekaz kolaborautako landutako proiektuek 500 hautagaitza lortu ditue nazinoarteko jaialdietan, baita ehundik gora sari bereganatu be.

Egun, Vázquezen film luze barria, Unicorn Wars produziduten dabil UniKo, Abano Producións eta Autour de Minuit produkzino-etxeakaz batera.

Annecyn jasotako sariak esku artean dogun proiektuari bultzadea emotea espero dogu, adierazo dau Iván Miñambres produktoreak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu