Euskal zinema-aretoak bagilean edegiko ditue

Bizkaie! 2020-06-10 13:53   Zinemea

Zinemea pantaila handian lemapean dator EZAE-ren kanpainea.

Bagilaren 5ean, Durangoko Zugaza zinema-aretoa zabaldu ondoren, bariku honetan Errenteriako Niessen-en, Gasteizko Gorbeiaren eta Beasaingo Usurbe Antzokiaren txandea izango da, hirugarren faseak onartzen dauen % 60ko edukiereagaz. Hurrengo egunetan zehaztuko da noiz jarriko diran martxan gainerako euskal zinema-aretoak.

Joan dan astegoienean Durangon bizitako esperientzia oso baikorra izan zan, nahiz eta edukierea % 30era murriztuta egon. Bizkaiko zinema-aretoetara ikusle asko joan dira; estreinaldirik bako eskaintzeari erantzun deutse eta, aldi berean, segurtasun-neurri barrietara egokitu dira. Berredegite-egutegia gorabehera, euskal zinema-aretoetako arduradunen eretxiz, estreinaldien egutegia erakargarriagoa danean baino ez da lortuko errentagarritasuna. Espainiako probintzia guztiak hirugarren fasera heltzen diranean eta aretoetan baimendutako edukierea handitzen danean helduko da momentu hori.


Segurtasun protokoloa

Zinema-areto guztietan aplikagarriak diran segurtasun protokoloak betez, EZAEk bete behar diran neurrien barri emongo deutse ikusleei; gomendagarria da sarrerak Internet bidez erostea edo, bestela, txartelagaz ordaintzea, adibidez. Era berean, aretoetan ezarritako kartelen eta proiektautako bideoen bidez, aretoko langileen jarraibideei eta sarreretako, urteeretako eta joan-etorri guztietako seinaleei jarraitzeko eskatuko jake ikusleei.

Era berean, segurtasun distantziari eusteko garrantziaz be ohartarazoko jake, bizikideen kasuan izan ezik, eta horri eustea ezinezkoa danean maskarea erabiltea derrigorrezkoa dala jakinarazoko jake.

EZAE alkarteko zinema-aretoetako saio guztiek ordutegiak mailakatzea eta saioen arteko bereizketea izango dabe, garbiketa eta desinfekzino lanak egiteko, hain zuzen be, lan horreek errazteko, ikusleei ahalegin berezia eskatzen jake aretoaren garbitasunari eutsi, hondakin guztiak batu eta papelontzietan itxi deiezan.


Zinema pantaila handian kanpainea

Bagilaren 22tik aurrera, EZAEk Zinema pantaila handian goiburuko kanpaineari ekingo deutso, jenteak zinemaz pantaila handian gozau deian animetako. Ekimenak lau ardatz nagusi izango ditu: pelikulak pantaila handian ikusteak dituan abantailak azpimarratzea, EZAEren zinema guztietan ezarriko dan protokolo zorrotza azaltzea, Internet bidezko erosketak deskontu bitartez sustatzea eta euskal filmei laguntzea, Euskadiko zinemagintzearen balio-kate osoa babestuz.

Hainbat ekintzaren bidez, zinemeagaz daben hitzordua gogorarazoko jake zaleei, pantaila handia baita pelikulez gozetako modurik onena. Ikusleak erakarteko, kanpainak euro bateko zuzeneko deskontua dakar Internet bidez erositako sarrera guztietan, ikuslearen egunean izan ezik. Holan, sarrerak modu seguruan erostea sustatu nahi dabe EZAEren aretoetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu