Kulturea babesteko lau deialdi dakarz Etxeparek
2020-06-05 10:42 KultureaItzulpengintza, kultur jarduera, bidaia eta arte azoken ataletan banatu ditue.
Zabalik dago Etxepare Euskal Institutuak euskal kulturea bultzatzeko emongo dituan diru-laguntzinoen deialdietan izena emoteko epea. Euskal kulturea, edozein dala be modalidadea, nazinoartean bultzatzea da helburu nagusia, atzerrian euskal kulturearen eta sormenaren posizionamendua indartu eta nazinoarteko eragileakaz hartu-emonak sendotzeko.
Lau modalidadetan banatuta dator deialdia, eta bagilaren erdialdean zabalduko daben bosgarren atal bategaz batera, 525.000 euro banatuko ditu Etxeparek. Euskal Autonomia Erkidegoan erregistrautako norbanako edo alkarteek baino ezin izango dabe deialdian parte hartu. Halandabe, aurkezten dan proiektuaren komunikazino-hizkuntzea euskerea bada, Euskal Herriko ganerako lurraldeetakoak be onartuko ditue.
Lau ataletako lehenengoa, 39.000 eurokoa, literaturea itzultzeko izango da. Obrak euskeratik beste hizkuntza batzuetara itzultzeko izango da, edo EAEn bizi diran gaztelaniazko autoreen lanak euskerea ez dan beste hizkuntza batera itzultzeko. Horrezaz gan, Etxeparek aurten lehenengoz atera dau atzerrian sustatzeko literatura laginen deialdia.
Euskal kulturea nazinoartean bultzatu edo ezagutarazoteko jarduerei laguntzeko deialdia, 35.000 eurokoa, kulturgile ez-profesionalentzat da. Profesionalek Etxepareren beste ekimen batzuen babespean antolatu leikiez jarduera kulturalak atzerrian, baina hori ez da ez-profesionalen kasua, eta hutsune hori betetera dator atal hau.
Zinemagintza eta literaturako autoreen bidaietarako poltsea be badago, 25.000 eurokoa. Atzerriko topaketa, aurkezpen edo ekitaldietan parte hartzeko bidaia-gastuak (ostatua eta dietak) pagetako deialdia da.
Azkenik, laugarren atala nazinoarteko azoketara begirakoa da. EAEko galeriek kanpoko arte-azoketan parte hartu ahal izan deien antolatu dabe 41.000 euroko deialdi hau. Batez be, azokako erakusmahaiak alokatzen lagunduko deutse.
Lau ataleko deialdi honegaz lotuta dago bagilaren erdialdean argitaratuko dan bosgarren deialdi bat, oraingoek baino diru gehiago banatuko dauena, 377.000 euro hain zuzen. Sortzaileen mobikortasuna sustatzeko laguntzinoak izango dira, hau da, bira musikal, kontzertu, arte plastiko zein ikusizkoen erakusketa eta halakoak Euskal Herritik kanpora eroateko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!