Paul Urkijoren proiektu barria Cannes-eko azokan izango da
2020-06-05 09:47 ZinemeaVIII. mendeko abenturak dakarz Irati filmak.
Errementari-gaz publikoaren eta kritikearen oneretxia jaso eta gero, Paul Urkijo zuzendari arabarra bere hurrengo film luzea egiteko lanean sartu da bete-betean. Barriro be fantasiara joko dau Irati izeneko pelikulan, baina kasu honetan VIII. mendeko Nafar Pirinioetako basoetara eroango gaitu. Proiektuak bultzada galanta jaso dau, Cannes-eko Azokako Fantastic 7 atalerako aukeratu dabe eta.
Fantasiazko zinemagintzako talentua bultzatzea da Fantastic 7 sailaren helburua, proiektu interesgarrienak aukeratu eta horreentzako finantziazinoa eta babesa bilatuta. Urkijoren Irati bagilaren 24tik 26ra egongo da Frantzia hegoaldeko uri horretan, proiektua gauzatzeko babesa lortzeko asmoz. Nazinoarteko beste sei filmek be hartuko dabe parte aurten sail horretan.
Fantastic 7 ataleko proiektuen ezaugarriak online ezagutu ahal izango dira, Marché du Film Online ekimenaren barruan. Osasun larrialdia dala eta, Cannes-eko azokea eta zinema-jaialdia ezin izango dira ohiko moduan egin, eta sareak pisu handia hartuko dau. Edozelan be, antolatzaileek sail nagusiei eustea erabagi dabe, Fantastic 7-ri be bai, Paul Urkijo bertan dala. Zazpi proposamenen aurkezpena eta speed meeting dalakoa izango dira ekitaldi aitagarrienak.
Irati VIII. mendean Pirinioetan kokatutako fantasiazko istorioa da, abentura itxurakoa. Karlomagnok urte batzuk lehenago Orreagan galdutako altxorra topetako asmoz, gerlari kristinau eta musulman batzuk Nafarroako baso zarratu ezezagunetan sartuko dira, hango biztanle paganoen bildur.
Basoan barrura egin ahala, antxinako euskaldunen lurraldearen misterioak ezagutzen joango da gerlarien taldea, Irati izeneko bertako neska gazte bat gidari dabela. Mitologiaz jantzitako mundua topauko dabe, izena dauen guztiak izana dauen lekua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!