Irunera eta Eibarrera joan da 2020ko Euspot sari nagusia

Bizkaie! 2020-05-29 12:38   Zinemea

Edizino berezia izan da, parte-hartzaileek etxe barruan grabau behar izan dituelako bideoak.

Goian eta behean, iragarki irabazleetako irudi bana | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskerazko iragarki edo spot-en lehiaketea, Euspot, berezia izan da aurten, konfimanenduak behartuta. Etxe barruan grabau behar izan ditue parte-hartzaileek euren ikus-entzunezkoak, baina horrek ez ditu ikaratu, ze 51 lan jaso ditue antolatzaileek. Sari banaketea be online egin behar izan dabe, eta lehenengo postuan bardinketea egon danez, irabazle bi egon dira.

Zuk zuretzat sortu, Idoia Lahidalga Baglietto eta Oihane Puertas Ramírezek Eibarretik bialdutakoa, izan da spot irabazleetako bat; bestea, Ondo pentsatu, Irungo Julen Urtxegirena. Iragarkion kalidade teknikoa eta mezuen egokitasuna da epaimahaiak ondoen balorau dauena. Mila eurokoa da sari nagusia, eta irabazle bien artean banatu beharko dabe.

Beste lau sari be emon ditue 2020ko Euspoten. Mondragon Unibersidadeko ikasle batek eginiko lan onenaren saria Zuk zuretzat sortu izan da, hau da, sari nagusia irabazi dauenetako bat, egileak MU-ko ikasleak diralako. Publikoaren saria Aretxabaletako Beñat Abasolo eta Markel Bazanbiderentzat izan da, Zer dago zuk janzten duzunaren atzean? iragarkiagaitik.

Musika sinkronizazino onenari emoten deutsen Music Library saria, bestetik, Mikel Agirre, Ainhoa Imaz eta Kimetz Bilbaok irabazi dabe, honeek be Aretxabaletakoak. Beste bat? da euren spot-a. Azkenik, 18 urtetik beherakoentzako BHklip sarian bardinketea egon da: Arrasateko Oihan Loiti Iraolaren Markatu zure moda eta herri bereko Lur Bengoaren Zuretzat merke, beste batzuentzat garesti izan dira irabazleak.

2020ko edizinoko gaia hau izan da: Zer dago jazten dogunaren atzean?. Parte-hartzaileek gai horren inguruko kontzientziazino kanpaina baterako euskerazko spot-a sortu behar izan dabe, 20-30 segundu ingurukoa, moda azkarrak eragiten dituan ondorio negatiboak ikusiarazoteko. 51 lan aurkeztu dira, eta Publikoaren sariaren bozketan 2.600 lagun inguruk hartu dabe parte. Hortaz, pandemiaren eragozpenen ganetik, errekorrak gainditu dira aurten, parte-hartzaile zein boto-emoleei jagokenez.

Aretxabaletako Udalak, Mondragon Unibersidadeak, Arteman Komunikazioak enpreseak eta Arizmendi ikastoleak antolatzen dabe Euspot, euskerazko sormena bultzatu eta publizidade arloan euskerearen erabilerea sustatzeko. 2012an egin eben lehenengo edizinoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu