Lekeitioko 43. Euskal Zine Bilerea online

Bizkaie! 2020-05-28 10:26   Zinemea

Lehiaketan izena emoteko epea irailaren 13an amaituko da.

Euskal Herrian eta euskeraz egiten dan Lekeitioko Euskal Zine Bilereak 43. edizinoa egingo dau aurten. Azken asteotan bizi dogun osasun alarma egoera honek etorkizunera begirako dudak azaleratzen ditu eta jaialdiaren antolatzaileak bide barrien bila dabiz. Azken urte bietan jaialdiaren inguruan egindako berrinterpretazino eta eboluzinoagaz jarraituko dauen edizino honek, barruan dituan atalak indarbarrituko ditu. Era berean, 40+1. edizinotik jazoten dan legez, euskal ikus-entzunezkoaren joana, orainaldia eta etorkizunak bat egiten jarraituko dabe.

Jaialdiaren egitureari eutsiko jako baina osasun larrialdia dala eta, ikusle eta zaleen ongizatea bermatzeko asmoz Euskal Zine Bilereak online izakerea eskainiko dau aurten. Zinema-aretoan jente kopuru handia batzea arriskutsua izan daitekela kontuan hartuta, online egiturea hartu eta era horretan, Euskal Zine Bilerearen edizinoa edozein pantailatik jarraitzeko aukerea izango dabe zaleek eta Lekeitiora etorri ezin dauen jenteari ate barriak edegiko jakoz.

Ez ohiko egoeretan aurrerapausuak eta konponbideak bilatu behar dira eta, segurutik, etorkizunera begirako tresna baliogarriak ondorioztatzeko leihoa zabalduko dau erronka honek. Aurten esfortzu berezia egingo da Lekeitiorentzat eta euskal zinemako profesional eta zaleentzat hain garrantzitsua dan jaialdia ospatu ahal izateko.

Zemendian 21etik 29ra bitartean egingo dan Euskal Zine Bilereak, euskerazko ikus-entzunezkoen markoaren barruko eragileakaz lanean jarraituko dau, profesional, amateur edota zaleen errealidadeak hobeto ezagutzeko eta interesa izan leikien personak erakarteko.


Lehiaketea

Euskal Zine Bilerea ezaguna bada, barrubatzen dauen lehiaketeagaitik da. Euskeraz egindako askotariko lanen erakusleihoa da, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desbardinak batzen dituan neurrian. Zuzendaritza, gidoi eta film onenaren sariak egongo dira eta gainera, ikusleak be protagonista izango dira, lan bakotxari eurek emondako puntuaketen bidez erabagiko dabelako ikuslearen sari bereziaren irabazlea. Edizino barri honetan, bizi dugun osasun larrialdiak bultzatuta, lehiaketea online egingo da, danon ongizatea bermatzeko.

Sariak ondorengoak izango dira: Zuzendaritza onena 1.600,00 €; Gidoi onena 1.600,00 €; Film onena 1.900,00 €; eta
Ikusleen saria 750,00 €.

Lanak aurkezteko epea irailaren 13an amaituko da eta oinarriak zinebilera.eus webgunean egongo dira eskuragarri.

Aurkezten diran lanen artean 20 inguru izango dira aukeratuak lehiaketan parte hartzeko eta egindako lana eskertzeko helburuagaz, azken horreen egileek 200 euroko saria jasoko dabe lehiaketarako hautatuak izateagaitik.

Kontuak kontu, 43. Euskal Zine Bilereak aurrerapausuak emoten jarraituko dau aurten be, euskal ikus-entzunezkoen erreferente bilakatuz eta, jakina, horretarako film sortzaile, artista eta zinegile guztiek parte hartzea oso garrantzitsua izango da, hori dala eta aurtengo edizinoan be parte hartu daizuen gura dogu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu