Liburuaren Eguneko azokak garagarrilaren 23ra atzeratu ditue
2020-04-22 12:02 KultureaOrdurako Covid-19 gaixoaren kontrako neurriak arinagoak izango diralakoan dagoz.
Urteroko hitzordua da apirilaren 23a, Liburuaren eta Egile Eskubideen Nazinoarteko Eguna. Liburu-dendek hainbat jarduera antolatzen ditue eta urietan azokak egoten dira, esate baterako, Bilboko Berastegi kalean. Baina, osasun egoerearen eraginez, jente asko batzen dituen ekitaldiak debekatuta dagoz, eta liburu-dendak itxita. Hortaz, ospakizunak hiru hilez atzeratzea erabagi dabe, Euskadiko Liburu Ganbareak ohar baten azaldu dauenez.
Garagarrilaren 23a aukeratu dabe, ordurako jarduerak eta azokak baimenduta egongo dirala uste dabelako, murrizketa batzukaz bada be. Dana dala, liburu-dendetako arduradunek adierazo dabe osasungintzako agintarien esanei kasu egingo deutsiela. Fetxa horretan oraindino prebentzinorako neurri sozialak egon leitekez, eta behar izan ezkero eredu eta leku barriak bilatuko doguz, eguna segurtasun berme guztiakaz ospatzeko, dino oharrak.
Edozein kasutan, herritarrei dei egin deutse bihar, apirilak 23, Liburuaren Eguna bete-betean ospatzera, baina etxetik urten barik. Interneten eta sare sozialetan antolatuko diran jardueretan parte hartzeko konbita egin dau Euskadiko Liburu Ganbareak.
Liburugintzearen sektorearentzat, kulturako beste askorentzat legez, kolpe gogorra izaten dabil Covid-19 gaixotasunagaitik ezarritako alarma egoerea. Salmentak ikaragarri bajatuko dirala aurreratu dabe, eta liburu-denda asko, batez be txikiak, arriskuan dagozala. Gogoan izan behar da denda txikiak derrigorrez itxita dagozala, eta, beraz, erakunde publikoei babesa eskatu deutsie. Liburuaren Eguneko azokak eta kaleko jarduerak atzeratu beharra gehitu jako orain krisi horri.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!