Bilborockek sarean ospatuko dau 23. urteurrena
2020-04-21 10:01 KultureaGomutak eta argazkiak konpartiduteko eskatu deutse herritarrei.
Ezin izango dau ospakizun normalik egin Bilborock aretoak 23. urteurrena ospatzeko, Covid-19 gaixoagaitik ezin dalako kontzerturik edo ekitaldirik antolatu. Horregaitik, sare sozialetara jo, eta zaleakaz batera ospatuko dau, #Bilborock23urte traolea erabilita.
Urteotan Bilborocken ibili diran gazte eta ez horren gazteei dei egin deutsie, aretoan bizi izandako momenturik onenak gogora ekarri deiezan. Bizipenen kontakizunak edo argazkiak igon leikiez Bilborockek Facebooken daukan kontura. Parte-hartzaile guztien arteko bati 80 euroko erosketa-bonua emongo deutse zozketa bidez.
Mesedeetako eleiza zaharra berreskuratu, eta jarduera ugaritarako areto bihurtu eben orain dala 23 urte, eta Bilborock izena ipini eutsen. Harrezkero, kontzertuak, entseguak, ikuskizunak, proiekzinoak, aurkezpenak... egin dira. Bilboko gazteen artean erreferente bihurtu da Bilborock, bai euren sormena erakusteko, baita gaualdi ederrez disfrutetako be.
Bilboko Udalak emon dituan datuen arabera, 23 urtean 6.000 ekitaldi inguru antolatu dira han, eta 1.340.000 personak erabili ditue instalazinoak, sortzaile edo publiko legez. Ia 2.000 kontzertu jo ditue bertako oholtzan, baina bestelako adierazpide batzuek be leku nabarmena izan dabe, esate baterako, mila antzezlanetik gora egon dira.
Lehiaketa ugariren egoitzea izaten da Bilborock urtero, esate baterako, Bilbo Uria Pop-Rock, Aste Nagusiko erakustaldiak, Harrapazank... Hartara, gerora ospe handia eskuratu daben talde ugariren lehenengo pausuen lekuko izan da. Horrezaz gan, nazinoarteko eta bertoko izar handiek be jo dabe: Robbie Williams, The Coors, Zea Mays, Gatibu, Mikel Erentxun, Kepa Junkera eta abar aitatu leitekez.
Beste alde batetik, Bilboko Udalak abian jarri dau 18 eta 35 urte bitartekoentzako ekimen bat, konfinamenduan sormena eta bizimodu aktiboa bultzatzeko. Sare sozialen bidez, etxean egiteko proposamenak eta ideak zabaldu leikiez, #EtxeanGeratukoGara eta #BainaAspertuGabe traolak erabilita
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!