Sudanen egindako argazki bat da 2020ko World Press Photo sariduna

Bizkaie! 2020-04-17 09:36   Kulturea

AFP agentziako Yasuyoshi Chiba argazkilariarena da.

Yasuyoshi Chiba. 'Straight Voice', 2019 (AFP/World Press Photo) | Ikusi handiago | Argazki originala

Kalea ilun, jentea protestan. Halako baten, ingurukoen sakelako telefonoetako linternek argituta, eszenearen erdira agertu da manifestarietako bat, eskua bihotzean eta sufrimendua arpegian. Momentu zehatz hori kamareagaz atrapau eban AFP agentziako Yasuyoshi Chiba japoniarrak, eta World Press Photo sari ospetsua emon deutsie, kazetaritzako argazkigintzan jaso leitekeen ohore handienetako bat.

Sudango Khartum uriburuan egin eban argazkia Chibak, argindarra kendu ebenean sortutako protestaldi jentetsu baten. 2019ko bagila zan, Omar Hasan al Baxir presidentea apirilean bota eben eta Junta Militarrak eukan poterea. Gobernu zibila eskatzen eben manifestariek.

Argazkian iluntasuna da nagusi, baina sakelako telefonoei esker, argitasunean agiri da eszenearen erdiguneko gaztea. Antza danez, protestearen aldeko olerkiak esaten ebilen argazkiaren momentuan. Yasuyoshi Chibak Straight Voice izenburua ipini deutso argazkiari, hau da Ahots zuzena.

Bestetik, urteko erreportajerik onenaren kategorian, aurtengo World Press Photo saria Romain Laurendeau frantsesak irabazi dau, Kho, erreboltearen Genesia izeneko lanagaitik. Algeriako uriburuko langile auzoetako gazteen bizimodua eta egunerokoa agertzen ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu