Maria Riveroren bakarkako lehenengo diskoa: 'Parentesiak'

Bizkaie! 2020-03-24 10:44   Musikea

Zazpi abesti eta bonus track bat dakarz Riverok inoiz sortutako diskorik intimo eta personalenak. 

Maria Rivero musikari bizkaitarrak bakarkako lehen diskoa kaleratu dau gaur, martiaren 24en; Parentesiak izena dau eta sortzaileak holan azaldu dau izenaren zergaitia: Diskoa parentesi artean agertzen jakun testua lakoa da: zeozeren osotasuna ulertzeko balio dauena da. Parentesiek ez dabe sekula testu nagusia osotzen, baina, parentesi artean azaltzen dana irakurri barik gatxa izango da testuaren osotasuna ulertu ahal izatea. Holan ikusten dot osotasunean sortu dodan lana, izan be, Parentesiak entzutea bada nire esentziara hurreratzea eta horregaitik nire ibilbidea apur bat gehiago ulertzea. Bizi dogun sasoi gogor eta larrian diskoa kaleratzeko egunari eutsi deutsat biziten gagozan momentu honetan parentesi musikal bat eskaini nahi neukelako eta horregaitik orain argitaratzea erabagi dot.

Riverok erraiak astindu ditu diskoa osatzen daben zazpi abestiak eta bonus tracka idatzi eta sortzeko; Riveroren eretxiz, hile luzeek ekarri daben lan gogor eta aberasgarria izan da. Entzuleagaz konpartiduteko gogoa dot eta bolada larri honetan ekarpena egin. Plataforma digitaletan entzuteko prest dago eta formatu fisikoa be laster izango da eskuragarri ohiko bideen bidez, zein www.mariarivero.eus webgunearen bidez, Covid-19ak eragindako osasun krisia gainditu ondoren.

Entzun Arina kantua hemen

Bakarkako lehenego diskoa TAOM estudioetan produzidu dabe Jagoba Ormaetxearen gidaritzapean. Lanagaz gustura dago konpositorea eta nabarmendu nahi izan dau: Jagobak nire abestiak mimoz eta talentuz janzten jakin izan dau, oso pozik nago emoitzeagaz eta, batez ere, egindako lanagaz, uste dut estilo personaleko disko bat sortzea lortu dogula eta horregaz oso eroso sentiduten naz. Gainera, hainbat lagunen kolaborazioak batu ditu Maria Riverok, besteak beste, Migue de la Rosa, Zuriñe Hidalgo eta Iker Lauroba musikarienak.

Parentesiak diskoak erregistro aldaketea dakar; Mariaren ahotsari aparteko garrantzia emon deutsie eta osotasunean, artistak estilo personal eta barria lortu dau, duda barik, bide barri baten hasierea.

Disko fisikoaren diseinua, alde batetik, Danen Creativa (Nieves Barrenetxea) artisteak (irudi nagusia sortzeaz arduratu dana) eta, bestetik, Aritz Garciak (irudi horri formea emoteaz eta diseinuaz arduratu dana) sortutako lana da: Disko fisikoaren diseinua da imajina neiken bilgarrietako onena, perfekzinora egokitzen da diskoan maila musikalean topauko dozunagaz nabarmendu dau Mariak.

Kontuak kontu, Parentesiak bakarkako lanagaz hamabi dira Maria Riverok batutako lanak musika ibilbidean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu