Euskal Herriko sokatiralariek hamalau domina irabazi ditue Irlandan

Bizkaie! 2020-02-24 07:48   Kirola

Goma ganeko Munduko Txapelketea egunotan jokatu da.

Sarritan igon dabe podiumera Euskal Herriko sokatiralariek, hamalau aldiz hain zuzen, Irlandako Letterkenny herrian jokatutako goma ganeko Munduko Txapelketan. Kluben atalean, zortzi domina irabazi ditue bertoko taldeek, eta, euskal selekzinoaren izenean, beste sei. Atzo, domekea, amaitu ziran finalak.

Eguenean hasi zan dominen jantzea Irlandan, kluben arteko open lehiaketan. Hainbat euskal taldek hartu eben parte, baita nazinoarteko beste askok be, batez be Europa eta Asiakoek. Badaiotz talde arabarrak urrea irabazi eban emakumeen 540 kilokoan, Nafarroako Beti Gaztek zidarra, eta Bizkaiko Gaztedik, brontzea. Beti Gaztek barriro igon eban podiumera, 580 kiloko mistoan zidarra jasoten, eta 560ko gizonezkoetan, Ibarrak zidarra eskuratu eban.

Barikuan, Badaiotz atzera protagonista, euskaldunentzako bigarren urrea jantzi ebelako arabarrek. Emakumezkoen 500 kilokoan izan zan. Eguna Beti Gaztek biribildu eban, gizonezkoen 600 kilokoan brontzea jantzita.

Zapatuan eta domekan selekzinoen lehiaketea egin zan Letterkennyn. Basque Country izenpean, euskal selekzinoak ganerako herrialdeetako selekzinoen pare hartu eban parte. Ganera, euskaldunek euren maila bikainaren barri emon eben Irlandan, beste sei domina jantzita. Zapatuan, emakumeek zidarra eskuratu eben 540 kilokoan, 23 urtez azpiko gizonek zidarra eta 580ko mistoan, brontzea.

Azkenik, domekan, beste hiru domina irabazita amaitu eben euskal selekzinokoek Munduko Txapelketea, brontze bi eta zidarrezko bat. Emakumeen 500 kilokoan egin eben bigarren euskaldunek, Txina-Taipeiren atzetik. Hirugarren lekuak 23 urtez azpiko neskentzat eta 23 urtez azpiko 600 kiloko mutilentzat izan ziran.

Hortaz, emoitza bikainak ekarri ditue Euskal Herriko kirolariek Irlandatik, 14 domina irabaztea ez dagoalako edonoren eskura, tartean urrezko bi, ganera. Taldeka zein selekzinoka igon dabe podiumera, gizon, emakume zein mistoetan. Hurrengo hitzordua irailean izango da, lur ganeko Munduko Txapelketea. Etxean jokatuko dabe euskaldunek, Getxon.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu