Javier Rojas, ONCEko gasteiztar afiliatua artikora

Bizkaie! 2020-02-13 08:09   Kirola

Norabide-barra barik joango dan lehenengo persona itsua da.

Javier Rojas Hardangerviddako (Norvegia) Parke Naturalerantz joango da zezeilaren 20an, bederatzi eguneko zeharkaldia egiteko. Javier Rojas gasteiztarra, ONCEko afiliatua eta txakur gidariaren erabiltzailea, espedizino artiko bat egiten dauen lehen itsua izango da hilaren amaieran, laguntza gisa norabide-barrarik erabili barik.

Rojas datorren zezeilaren 20an abiatuko da Norvegiara, sei laguneko talde batek osotutako espedizinoan, esperientzia berezia biziteko asmoz, bakarka ibilteko aukerea izatearen sentsazioa sentiduteko, aurreko mendi erronketan erabilten dituan ohiko norabide barrak erabili barik. Barra horreek ikusmena badaben gida bi eroaten ditue (mutur bakotxean bana), eta persona itsua erdian kokatzen da. Horri esker, gidariek oztopoak adierazoten deutsiez eta erabiltzaileari orekeari eusteko eta traba horreek gainditzeko be balio deutso. Kasu honetan, izoztutako lurrak horretarako aukerea emoten dauenez, Javier Rojasek bere gidarien argibideei jarraituko deutse barra horreek erabili barik eta, era horretara, noranzko barrarik bako espedizino artikoa egiten dauen Espainiako lehen persona itsua izango da.


Eskarmentu handiko gidarien babesa

Rojasegaz batera Yosu Vazquez dibersidade funtzionala dabenentzako mendi gidariak eta Alfonso Antunez Montes Solidarios alkarteko presidenteak parte hartuko dabe abentura honetan, eta guztiak Bartzelonako Latitud Nómada mendi konpainiaren Jose Arco gida artikoaren gidaritzapean abiatuko dira. Horrezaz gan, Gasteizko Antartik Studios etxeko beste persona biren laguntzinoa izango dabe, ikus-entzunezko materiala grabeteaz arduratuko baitira, betibe baldintza meteorologikoek horretarako aukerea emoten badabe.

Javier Rojas, erretinosi pigmentarioak jota, erronketara ohitua dago, ez alperrik ikusmena galdu aurretik mendizale sutsua da eta gaur egun be gidari laguntzaile baten eskutik mendian gora eta behera jarraitzen dau; gainera, goalball jokalaria da Euskadiko ONCEren Hamaika taldean.

Erronka hau Rojasek sensazino barria sentidu daian antolatu dabe, beti be espedizinoko gainontzeko taldekideek haren segurtasuna bermatuz.

Itsuak erabateko autonomia sentidutea da helburuetako bat adierazo dau Yosu Vazquez gidari laguntzaileak.


Edur-erraketak eta artikorako lerea

Norvegiako iparralderago dagoan latituderaino heltzeko, zezeilaren 20an urtengo dau taldeak Bartzelonatik, Oslo bidetik, Hardangervidda Parke Naturalera heldu arte, 8.000 kilometro koadroko azalereagaz, eta 1.100 eta 1.400 metro arteko altuerakaz, Europako mendilerrorik zabalena dalarik. Behin han, Finserako trena hartuko dabe, eta handik hasiko dabe abenturea, erraketakaz, euren pulka edo leratatik tiraka, egunero 12 kilometro inguru eginez, eta Tipi muetako dendak erabiliz. Trekking jardunaldietan orientazino eta biziraupen ariketak egingo ditue, eta zibilizazinoari lotuta egongo dira sateliteko baliza baten bidez.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu