Kartoizko nukleoa daben surf oholak egin ditu Mondragon Unibersidadeko ikasle-talde batek
2020-01-30 09:55 KirolaPoliuretanoaren emisinoei aurre egitea da asmoa.
Flotau leike kartoizko nukleoa dauen surfeko ohol batek? Bai, flotau leikela erakutsi dabe Mondragon Unibersidadeko Ekoteknologia Industrialetako Injinerutza Graduko hirugarren mailako hamahiru ikaslek, Donostiako Kontxa hondartzan. Hernaniko Orona Ideoko campusean ikasten dabe hamahiru ikasleek, eta zortzi astean ibili dira proiektua lantzen, hau da, kartoizko nukleoa daben surf oholak diseinau eta eregiten. Donostiako Kontxako hondartzan erakutsi dabe bideragarriak dirala; hiru ohol egin ditue, diseinu eta modelo desbardinetakoak (Fish 5'5", Fish 6'4 eta Thruster 6'0).
Seihilekoaren amaierako proiekturako ekin deutso ikasle-talde horrek surf oholen simulazinoari eta fabrikazinoari. Oholak bizikletan eroateko sistemea be asmau dabe. Arazo errealak konpontzea helburu daben PBL proiektuak (Project Based Learning) ditu oinarri ekimenak. Goi Eskola Politeknikoko injinerutzako ikasle guztiek erabilten dabe ikaskuntza-sistema hori. Seihilekoan zehar eskolan jasotako ezagutzak apliketako aukerea izan dabe ikasleek proiektu horretan.
Talde bakotxak hamar minutu izan ditu ohola uretan probetako eta, Olatz Ruiz de Galarreta ikasleak adierazo dauenez, marka ezagunak saltzen dituan edozein dendatan erositako ohol bategaz lez egin daitekeela surfean frogatzeko. Besteak beste, oholen alderdi honeek balorau ditue irakasleek: kalidadea; uretan dauen egonkortasuna; haregaz surfean egin ondoren egiturea behar bezela isolatuta dagoan eta urik sartu jakon; urik sartu bazako, zenbat pisetan eban oholak uretara eroan aurretik eta ondoren; oholak gila finkoa ala desmuntagarria dauen; zelako egonkortasuna dauen oholak ikasleek diseinautako parrilearen gainean; parrilleak beste erabilera batzuetarako balio dauen, erraz desmuntau daitekeen... Irakasleek, barriz, ohol estandar bat eroan dabe, nahi dauenak alkarregaz konparetako ha eta ikasleek egindakoa.
Launa edo bosna ikasleko hiru taldek egin ditue kartoizko nukleodun surf oholak eta horreek bizikletan eroateko sistemea, zortzi astean lanean jardunda. Surf oholaren kartoizko nukleoko piezak oinarri harturik, oholen simulazinoa egin dabe injinerugaiek, jakiteko zenbat beira-geruza ipini behar diran nukleoaren gainean irakasleen zehaztapenak bete eta, ahalik eta modurik jasangarrienean fabriketako surf ohola. Bestalde, parrilla bat be diseinau eta fabrikau dabe ikasleek (arina, ugerrak ez jateko modukoa eta montetan zein desmontetan erraza), surflariek erraz eta seguru eroan deien ohola urian zehar.
Jasangarritasuna edo iraunkortasuna
Gaur egun, edozein produkturen fabrikazino-prozesu osoak ahalik eta jasangarriena izan behar dau ingurumenaren aldetik. Urtean miloe bat surf-ohol egiten dira munduan, poliestireno estrusionatua edo poliuretanoa erabiliz, eta 200.000 tona karbono dioxidoren emisinoa eragiten dau fabrikazino-prozesuak. Baina azken urteotan beste material batzuk hasi dira erabilten zenbait diseinatzaile amateur (zura, kortxoa, papel birziklatua edo kartoia) oholak fabriketako, oraingo eta etorkizuneko ingurumen-erronkak dirala eta. Horren adibide dogu ikasle-talde horren asmo handiko proiektua, hau da, kartoizko nukleoa daben surfeko oholak egitea: Hau zan ikasle-talde horren helburua: hirugarren ikasturtean izandako ikasgaietako jakintzak martxan jartzea; eta proiektu horrek emon deutse aukerea, materialei eta fabrikazino-prozesu ez-alternatiboei, bizi-zikloaren azterketeari eta gas kutsatzaileen emisinoari buruz ikasitakoa praktikan jarteko aukerea izan dabe eta. Gauza bat oso argi daukagu Mondragon Unibersidadean gabiltzanok: baztertu egin behar da ‘ikasgelan ikasitakoak ez dau ezertarako balio’ dinoen ustea adierazo deusku proiektuaren arduradunak, Ángel Gallo irakasleak.
Surf ohol bat diseinau eta fabriketea tokau jatan arte uste dot ez nintzala ondo jaubetzen zenbateko lana dagoan nire zaletasun handienetako baten atzean. Asko ikasten da proiektuetan oinarritutako ikaskuntzearen bidez, eta honetaz jaubetzeko balio dau: kalkuluetan eta diseinuan akatsen bat egin ezkero zenbait egunetako lana alperrekoa izaten dala. Kasu honetan, adibidez, guk diseinau eta fabrikautako oholak behar baino pisu gehiago izatea zan burukomina eta horri aurre egiteko ardura handiagoz jarduten dozu lanean, dinosku injinerutzako ikaslea eta surflaria dan Asier Iriondok.
PBL, proiektuak oinarri dituan ikaskuntzea
Seihileko bakotxaren amaieran proiektuak aurkeztea funtsezko ardatza dau Mondragon Unibersidadearen hezkuntza-ereduak: Aitzindaria izan da Mondragon Unibersidadea injinerutzearen alorrean proiektuetan oinarritutako ikaskuntzea erabilten, eta Orona Ideo campuseko injinerutza-gradu bitan be eredu hori darabilgu, Arrasateko graduetan erantzun bikaina dauena, hain zuzen be, azaldu dau Ekoteknologia Industrialetako Injinerutza Graduaren arduradun Asier Arostegik. Hamar urte luzez metatutako esperientziak erakutsi deuskunez, holako proiektuak oso lagungarriak dira ikasleentzako enpresek gero eta gehiago balioesten dituen beste trebetasun batzuk eskuratzeko; adibidez, talde-lanean jarduteko gaitasuna, ekimena, sormena, lidergoa, autogestinoa, planifikazinoa, komunikazinoa.... Horrezaz gan, lagungarriak dira ikasleak motibetako be, euren bokazinoaren hurreko jardueren bidez, eta seihilekoan zehar jasotako ezagutzak sendotzeko, dino Aristegik.
Aerosorgailu eroangarri eta txiki bat fabrikau, banbuzko bizikleta bat egin, prozesu industrialetan alperrik galtzen dan beroa berreskuratu..., horra Mondragon Unibersidadeko Ekoteknologia Industrialetako Injinerutza Graduko Donostialdeko ikasleek egindako proiektuetako batzuk, beti be etorkizun hobea irudikatzeko eta eregiteko ahaleginean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!