XI. Bizkaidatz Literatur Lehiaketako sariak emon ditue
2020-01-23 08:55 KultureaBegoña Garcia, Ekain Basterretxea, Janire Arrizabalaga, Ainhoa Lizarraga, Etxahun Torrontegui eta Maria Pilar Lopez izan dira irabazleak.
Bilbon, Foru Liburutegian, banatu ditue XI. Bizkaidatz Literatur Lehiaketako Sariak, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendari Andoni Iturbe bertan dala. Izan be, erakunde horrek antolatzen dau sariketea urtero, bizkaitarren artean irakurteko eta idazteko zaletasuna bultzatzeko, euskeraz zein gaztelaniaz.
Irabazle nagusiak Begoña Navaridas eta Ainhoa Lizarraga izan dira, lehenengoa euskerazko atalean eta bigarrena gaztelaniazkoan. Euskerazko palmaresa holan geratu da: Begoña Navaridas irabazle (Garai latzak kontakizunagaitik), bigarren saria Ekain Basterretxearentzat (Karma) eta finalistearen saria Janire Arrizabalagarentzat (Kolorgerri). Epaimahaian Juanra Madariaga, Marta Goikoetxea eta David Tijero egon dira.
Gaztelanizko sarituak honeek izan dira: Lehenengo Ainhoa Lizarraga (Sinestesia), bigarren Etxahun Torrontegui (El propietario de las naranjas) eta finalista María Pilar López (honek be El propietario de las naranjas izenburua aukeratu dau). Epaimahaian Begoña Elorrieta eta Andoni Abejonar egon dira.
Kategoria bakotxeko irabazleek 1.500 euro eta diplomea jaso ditue bakotxak. Bigarren saria irabazi dabenei 500 euro eta diplomea emon deutsiez, eta finalistei, egiaztagiria. Lan irabazleak argitaratu egingo dituala aurreratu dau Foru Aldundiak.
Bizkaidatzen funtzionamendua berezia da: Aurretik emondako kontakizun baten jarraipena idatzi behar dabe parte-hartzaileek, proponidutako istorioen hasierara, pertsonaietara eta egoeretara egokituta. Idazle ezagunek egiten ditue kontakizunen hasierak. Hamaikagarren edizino honetan, Sonia Gonzalezen Karma (euskeraz) eta Pedro Ugarteren El propietario de las naranjas (gaztelaniaz) jarraitu behar izan ditue parte-hartzaileek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!