Alex Txikonek hirugarren ekinaldia egingo dau Everest oxigeno barik eta neguan zapaltzeko
2019-12-10 08:45 KirolaEEE izango da Alex Txikonen espedizinoen energia barriztagarrien babeslea.
Txikon Himalaia inguruan ibiliko da urtarrilean, eta Energiaren Euskal Erakundeak laguntzinoa eskainiko dau hogei eguzki-labe jarriz Himalaiarako sarbidean bizi diran hainbat familiaren eskura. Eguzki-plakak instalauko dira, bai espedizinoaren lehen zatian (Antartika), bai Everesteko kanpamentu nagusietan.
Himalaiara joan baino lehen, Antartikako peninsulan ibilbide barriak esploretako espedizino batean parte hartuko dau eta 2020ko urtarrilean Nepalera joango da, han Ama Dablam eta Everesteko tontorrak zapaltzeko amesagaz.
Aurten K2 saiatu ondoren, Alex Txikon Everesteko tontorrera heltzeko amesagaz doa aurten, 2017 eta 2018an saiakerak egin zituan baina Alexen eretxiz neguko Everest eta K2ko expedizinoetan asko ikasi dogu eta hirugarren saikerarako baikor gagoz.
Orain, Everest datorren astean hasiko dan espedizino hirukotxaren amaierea izango da, Txikon Hego Shetland ugarteetarantz abiatzen danean. Bertan, espedizinokideek eskietan bide ugari egingo ditue oraindino esplorau bako tontorretara edo ibilbide barriak edegiko ditue.
Urtarrilaren hasieran, eta etxean deskantsua hartzeko egun bi egin ostean, Txikón Nepalera joango da. Bertan, Felix Criado eta Íñigo Gutierrezegaz topo egingo dau; horreek Alex, Antartidan dagoan bitartean, Espainiatik Kathmanduraino joango dira autoz, herri batzuetan giza laguntzinoa eskaintzeko. Aurrerago Txikon eta danak alkarregaz Lukla herritik Ama Dablameko Kanpamenturaino joango dira, lurreko mendirik ederrenetarikoa eta neguan erronka handia. Tarte horretan, AMIAB alkarteko mendizale ezinduen talde batez lagunduta joango dira. Txikon hamaika personako talde baten buru izango da Ama Dablameko igoeran, eta horrek berezko balioa izateaz gan, prestaketa fisiko eta mentala eta aklimatazino legez balioko deutso gero Everesteren igoeran. Oinarri kanpamentua Ama Dablam mendiaren parean dago, Khumbu haraneko hasieran, taldearen logistika eta mobimentua azkartuko dauena. Everesterako, Alexek Oscar Cardogaz eta Jonatan Garciagaz bat egingo dau, baita Chhiji Nurbu Sherpa, Pechhumbe Sherpa eta Tenjen Sherpa nepaldarrakaz be.
Eskaleteaz gan, espedizinoak azterketa topografikoak eta meteorologikoak egingo ditu dronak erabiliz. Gainera, argazkigintza analogikoan espezializautako Diego Martinez argazkilariak dokumentauko du etorriko diran erakusketetarako eta liburu bat egiteko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!