14. Punta Galea Challengek zemendiaren 1ean zabalduko dau itxarote-denporea

Bizkaie! 2019-10-29 13:41   Kirola

Topaketa profesionalak be izango dira Getxon indar handia daben uretako kirolen industria bultzatzeko.

Datorren barikuan, zemendiaren 1ean, edegiko da Punta Galea Challengeren 14. txapelketako itxaronaldia, martiaren 31ra zabalik egongo dana. Gaur bertan aurkeztu dabe prentsaurrekoan Amaia Agirre alkateak, Javier Amezaga antolakuntzako kideak eta Ibon López surflari sopeloztarrak.

Olatu handien surfeko proba ospetsua baldintza egokien zain egongo da Galean, munduan izen handiko 24 surflari batzeko. Hego Afrikako Grant Twiggy Baker, Portugalgo Alex Botelho edo Kaliforniako Nic Lamb (Getxon irabazlea birritan) lako nazinoarteko famatuei tokiko eta maila handiko lehiakideak batuko jakez, berbarako, Lapurdiko Pierre Rollet, igazko irabazlea, Plentziako munduko top-a dan Natxo González, Getxoko Javier Horn eta Ibon López.

Aurten olatu handien munduko zirkuituak aldaketa batzuk izan ditu eta horren ondorioz, Galea Europako modalidade honetako proba bakarra izango da, nazinoarteko probea, munduko surflari onenak euren artean lehiatu daitezan nabarmendu dau Javier Amezagak, Punta Galea Challengeko antolakuntzako arduradunetako batek.

Antolakuntzearen barruan, Getxo Surf kluba, Euskal Herriko Surf Federazinoa eta Getxo Kirolak dagoz, eta horreen helburua da aitatutako hilebete horreetan egun egokiena topetea txapelketea jokatzeko, hau da, indar handiko olatuak eta 5-7 metro arteko altuerakoak behar dira. Kantauri itsasoan udagoiena olatu handiakaz eta aldeko haizeakaz hasi danez, antolakuntzeak denporaldi ona espero dau, eta baldintza ezin hobeak zehetasunez aztertuko dira denporalea heltzen danean. Beraz, argi berdea emondakoan, surflariei 3 egun aurretik egingo jake deia, eta bitartekoak abian jarriko dira parte-hartzaileek segurtasun-baldintza onenakaz lehiatzeko aukerea izan deien, baita Galeako anfiteatro naturalean, igaz bezela, 20.000 persona inguru batu daitezan.

Aurtengo protagonistetako bat Ibon López surflari sopeloztarra izango da, antolakuntzearen gonbidapena jaso ondoren bigarren urtez lehiatuko baita: Espero dot itsaso eta olatu handiak egotea nire lagun guztiakaz konpartidu ahal izatea eta ekitaldiaz gozetea. Galeako olatua sano ederra da ezberdina da, olatu ikaragarria da, oso luzea eta oso dibertigarria, nabarmendu dau surflariak.


Itsas eta txirristaketa-kirolen industriagaz lotutako ekitaldia

Getxoko alkate Amaia Agirrek azpimarratu dauenez, Punta Galea Challenge itsasoagaz eta txirristaketeagaz lotutako kirolen inguruko industria sustatzeko egiten diran ekitaldietako bat da: Udalerrian sektoreagaz zerikusia daben 60 enpresa eta jarduera dagoz, eta udalerriak itsasoagaz lotutako aisialdirako 25 plan eskaintzen ditu. Beraz, topaketa profesionalak eta programak antolatzen dabiz Sopelako eta Plentziako udalakaz alkarlanean, baita Euskal Herriko eta Frantziako kostaldeko erakundeakaz batera be, gorantza doan eta gure lurraldean hain sustraituta dagoan sektorearen alde, surfaren alde, egiteko. Topaketa horreen artean dira, besteak beste, Surf Business Meeting; Ocean Living Lab: Boot Camp-en bigarren edizinoa, Gaiak eta Beazek antolatua, atzo hasi zana eta Ipar Euskal Herriko kostako uretako kirolen industriagaz lankidetzea indartu nahi dana; euskal kostako surfaren historiari buruzko argazki erakusketea zemendiaren 13tik 20ra Romo Kultur Etxean; eta, azkenik, Olatu Handiko Surfaren Nazinoarteko Foroa, aste bi barru Getxon egingo dana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu