42. Lekeitioko Zine Bilereak badauka kartela

Bizkaie! 2019-10-24 08:08   Zinemea

Zemendiaren 23tik 30era egingo dabe jaialdia.

Igazko aldaketak eta nobedadeak atzean itxita, aste batzuk baino ez dira geratzen Lekeitioko Zine Bilerearen hurrengo edizinorako, 42.erako. Proiektua indartzen segiduteko asmoa agertu dabe antolatzaileek, Euskal Herrian eta euskera hutsean egiten dan zinema-jaialdi bakarrak zaleentzako hitzordu garrantzitsu bihurtu dalako.

Zemendiaren 23tik 30era egingo dabe Zine Bilerea aurten, eta hilebeteren faltan, kartela aurkeztu dabe. Biribiltasuna da irudiaren ezaugarri deigarriena, pelikuletako zinten forman oinarrituta. Euskal Zine Bilera izena letra handietan dago, eta ganerako datuak txikiago. Zuri-baltzean dago kartela, detaile gorri bi izan ezik.

Ohiko moduan, sail ugaritan banatuko dabe 42. Zine Bilerea, euskerazko zinemagintzearen alderdi guztiak, profesionala zein amateurra, erakusteko asmoz. Film laburren lehiaketea, arlo pedagogikoa, super8 filmak... dira nabarmenenetako batzuk. Era berean, euskerea bultzatzen daben erakundeakaz alkarlana bilatuko dabe antolatzaileek.

Kameratoia ikus-entzunezkoen rallya be Lekeitioko Zine Bilerearen egitarauaren barruan dago. Jaialdia bera hasi baino hilebete lehenago egingo dabe 15. edizinoa, Lekeition. Asteburu honetan, hilaren 25etik 27ra, ibiliko dira parte-hartzaile guztiak euren pelikula laburrak grabetan.

Gaia azken unera arte ez dabe emongo, hilaren 25eko iluntzera arte. Entrega-epea amaitu eta gitxira, domekan, Ikusgarri zinema-aretoan proiektauko ditue lan guztiak. Irabazleari 1.000 euro emongo deutsiez, eta bigarrenari, 600. Ganera, ikus-entzuleen eretxia kontuan hartuko da, Publikoaren Saria aukeratzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu