Bueltan da Gorbeia Suzien

Dabi Piedra 2019-09-24 13:02   Kirola

Urte bateko etenaren ostean, kilometro bertikala egingo dabe barikuan, eta mendiko lasterketea domekan.

Bilbon aurkeztu ditue ibilbideak eta egitaraua | Ikusi handiago | Argazki originala

Arnasea hartzeko beharra sumatu eben antolatzaileek, eta igaz ez zan Gorbeia Suzien mendiko lasterketea egin, korrikalari zein zaleek maite daben hitzordua dan arren. Indarbarrituta, idea barriak buruan eta Gorbeialdeko parajeak mundu osoari erakusteko prest, aurten barriro egingo dabe, asteburu honetan hain zuzen. Ekitaldiak eguenean hasiko dira, baina lasterketea domekan izango da. Barikuan, ganera, kilometro bertikala antolatu dabe.

Gorbeia Suzien Ternua mendiko lasterketea sendo bueltau da: Geldialdiaren ostean, bildurra izan genduan, jenteak zelan erantzungo ete eban... baina korrikalariek erantzun ona emon dabe, azaldu dau Jurek Ziemkiewicz antolatzaileak. 600 lagunek egingo dabe arineketan, eta kilometro bertikalera datozan beste 150 gehitu behar jakez. Zozketea egin behar izan dabe, 1.200ek baino gehiagok emon ebelako izena, aurreko edizinoan baino gehiagok.

Gorbeia Suzien nazinoarteko ISF ligearen Spain-Andorra Series atalaren barruan dagoanez, goi mailako korrikalariak dagoz faboritoen artean. Gizonezkoen kasuan, Javi Dominguez, Antonio Alcalde, Ismail Razga eta Pere Rullan aitatu ditue antolatzaileek. Emakumezkoetan, Maria Zorroza, Maite Maiora, Nahia Quincoces, Mireia Pons, Eli Gordon eta Yngvild Kaspersen.

Faboritoen artean dago, ganera, Aritz Egea, 2017ko irabazlea. Lasterketearen aurkezpenean izan da Egea, Bilboko Rekalde Aretoan, ibilbidearen inguruan dauen eretxia emoten. Niretzat ibilbide perfektua da, danetarik dauka, azaldu dau korrikalari gipuzkoarrak. Basatzea egongo dala aurreikusi dau, eta, bere estiloa dan ezkero, hasieratik indar betean urten nahi dau. Hori bai, helmugara arte, jo eta jo ibili beharko dauela ondo daki, batez be azken aldazbehera luzean.

Aurtengo ibilbidean 31 kilometro egin beharko ditue parte-hartzaileek, Zeanurin hasi eta amaitu, 2.400 metroko desnibelagaz. Tartean, Gorbeiako Gurutzea (1.481 m) eta Aldamin (1.362 m) tontorrak. Erronka gogorra baina ederra dala dino Aritz Egeak, paisaje naturalari eta euskal zaleen bultzadeari esker: korrikalari guztiak ondo tratetan ditue hemen, horregaitik, kanpoko jenteak etorri egin nahi dau. Sortu zanetik, edizino guztietan hartu dau parte Egeak.

Kilometro bertikalean, bestetik, ia mila metro igon beharko ditue, lau kilometro pasautxuko ibilbidean. Zeanuriko plazan izango da urteera neutralizadua, baina benetako lasterketea San Juston hasiko da. Helmugea Lekandako tontorrean (1.309 m) jarriko dabe.

Kulturea eta ingurumena

Antolatzaileek aurkezpenean azaldu dabenez, kiroletik harago, kulturea eta ingurumena be Gorbeia Suzienen nortasunaren oinarriak dira. Baso eta larreetan zehar ibiliko dira korrikalariak zein publikoa, eta, hortaz, naturea ahalik eta gehien jagoteko neurriak hartzen ditue urtero. Aurten, lehenengoz, edalontzi berrerabilgarriak emongo deutsiez parte-hartzaile guztiei. Motxila ofizialak be birziklautako materialagaz eginikoak izango dira.

Kanpotik datorrenari euskal kulturea erakusteko aprobetxau nahi dabe antolatzaileek Gorbeia Suzien. Hori dala eta, eguenetik domekara arteko egitaraua atondu dabe Arratian, Zeanuriko alkate Eider Ajuriagerrak azaldu dauenez. Besteak beste, Tio Teronen Semeak taldearen eskutik, jantzaldia egongo da zapatuan.

Horrezaz gan, umeentzako lasterketak eta olgetak, herri kirol erakustaldiak, bazkaltzeko lekuak eta abar be egongo dira asteburuan. Aitatzekoa da, bestetik, eguenean, hilak 26, Tor pelikulea proiektauko dabela Igorreko Kultur Aretoan. Silvia Trigueros mendiko korrikalari bizkaitarra da filmeko protagonistea.

Bizkaian arrakasta handiko mendiko lasterketaa bat izatea da helburua, azaldu dau Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputaduak. Gorbeia Suzien da leku hori beteteko hautagairik aproposena, hemengo zein kanpoko mendizaleen artean daukan ospeagaitik. Asteburu batean dana batzen dau: kulturea, euskerea, kirola eta naturea.

Egitarau osoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu