Higinio Rivera eta Iñigo Peña Tokion izango dira

Bizkaie! 2019-08-26 10:33   Kirola

Piraguismoko Munduko Txapelketan emoitza bikainak eskuratu ditue.

Iñigo Peña, Szegeden (argazkiak: BAT-Basque Team) | Ikusi handiago | Argazki originala

Amaitu da Hungariako Szeged uriko Munduko Piraguismo Txapelketea, eta emoitza ederra ekarri dabe BAT-Basque Teameko euskal kirolari bik, Higinio Rivero bizkaitarrak eta Iñigo Peña gipuzkoarrak. Szegedeko emoitzei esker, biak egongo dira 2020an Tokion: Peña Joko Olinpikoetan; eta, Rivero, Paralinpikoetan.

VL2-200 modalidadeko finalean, zazpigarren lekuan amaitu eban Higinio Riverok. Hortaz, dominak eskuratzeko lehiatik urrun ibili zan, baina zazpigarren postu hori nahikoa izan zan Joko Paralinpiarretako txartela ziurtetako.

Sendoago ibili zan Iñigo Peña, Paco Cubelosegaz batera. Bikoteka, K2-1.000 modalidadean, zidarrezko domina irabazi eben. Finalean erraz sartu ziran, sailkatze fasean jaun eta jaube izan ziralako. Azken saioan, alemaniarrak izan ziran onenak, baina Peña eta Cubelos ez ziran urrea irabaztetik urrun ibili. Azkenean, zidarra jantzi eben, brontzeagaz konformau behar izan eben frantziarren aurretik.

Bigarren postu horregaz, nahikoa eta sobran dauka Iñigo Peñak datorren urtean Tokioko Joko Olinpikoetan egoteko. Izan be, Szegedeko finaleko lehenengo seirentzat egoan lekua. Horrezaz gan, azken urteotako bolada bikainari eutsi deutsie Peñak eta Cubelosek. Igaz, Belgradon, brontzezko dominea kolkoratu eben, eta aurten zidarrezkoa Hungarian.

BAT-Basque Teameko beste kirolari bi be egon dira Szegedeko Munduko Txapelketan. Begoña Lazkanok seigarren amaitu eban K4-500eko B finalean, eta ez eban Tokiorako txartelik eskuratu. K4-1.000 modalidadean, ostera, Aitor Gorrotxategik eta bere hiru taldekideek zazpigarren egin eben. Modalidade hori ez da olinpikoa.

Higinio Rivero, Szegeden.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu