Woody Allenek gaur ekingo deutso film barriari Donostian

Bizkaie! 2019-07-10 08:26   Zinemea

Donostian, Pasaian eta Zumaian egingo ditue filmaketa lanak.

Woody Allenek bere hurrengo proiektua, Rifkin's Festival, aurkeztu dau prentsaurreko jentetsuan, inguruan lantaldeko aktoreak, produktoreak eta Markel Olano, Gipuzkoa Aldun Nagusia eta Donostiako alkate Eneko Goia zituala, besteak beste, Elena Anaya, Gina Gershon, Sergi Lopez eta Wally Shawn aktoreak.

Woody Allenen filmearen grabaketearen harian, Kontxako hondartza dana ez dabe zarratuko; kazetarien galderei erantzunez, Woody Allen zinemagileak badaki hil arte jarraituko dauela lanean. Allenen eretxiz, edadea (83 urte) eta Dylan Farrow alabatzakoak sexu abusuak egin eutsozala salatu eta gero bere herrialdean haren inguruan zabaldutako ezikusia (AEBetan ezin izan dau estreinau egindako azken filma, A Rainy Day in New York, Europan ikusi ahal izango dana) ez dira atxakia izango erretiroa hartzeko: Nik giza hartu-emonak jorratzen ditut, jentearen artekoak, komedia, adierazo dau.

Woody Allenen azkena komedia erromantikoa izango da, Donostiako Zinemaldian girotutako istorio bat idatzi dau, 2004ko Donostiako Zinemaldia agertoki dauena, hain zuzen be.

Donostiak eta horren inguruak, jaialdiak hartzen dauen eremuak, baita berdeguneek eta itsasoak be protagonismo handia izango dabe: Donostiaren gaineko nire ikuspegia aurkeztu nahi deutsat munduari, paradisuaren gaineko ikuspegia, bere garaian New Yorkegaz zein Parisegaz egin neban legez, adierazo dau zuzendariak.

Gaur hasiko dira pelikulea filmetan Donostian eta abuztuaren 23ra arte jardungo dabe lanean, uriburuan ez eze, Pasaian, Zumaian eta Gipuzkoako beste hainbat lekutan be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu