Zabalik Benito Ansola Sarietan izena emoteko epea

Bizkaie! 2019-06-11 08:00   Zinemea

Proiektuak aurkezteko epea irailaren 2ra arte egongo da zabalik.

Benito Ansola Sarian parte-hartzeko epea zabalik dago honezkero. Irailaren 2ra arteko epea izango dabe zinemagile gazteek euren lanak aurkeztu eta 3.000 euroak eskuratzeko lehian sartzeko.

Aurreko lau edizinoetan Benito Ansola saria jaso daben sortzaile gazteek, ibilbide oparoa urratu dabe ikus-entzunezkoen munduan; horren adibide da azken edizinoa irabazi eban Ruben Rosas donostiarra, Atsolorra film labur dokumentalagaz saritua.

Benito Ansola Sarien helburua da euskal kulturea zabaldu eta sortzaile gazteei euskerazko ikus-entzunezkoak egiten laguntzea. Asmo horretan bat datoz ekimenaren sustatzaile diran Euskaltzaleen Topagunea, Lekeitioko Udala eta Euskal Zine Bilerea, baita babesa emon daben Euskal Herriko Unibersidadeko Mikel Laboa Katedrea eta Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gizarte Ekintzarako Zuzendaritzea be. Euskal Zine Bilerearen sortzaileetako bat izan zan Benito Ansola lekeitiarraren izena daroa sariak.

Profesionalizazinorako bidean lagundu eta euskerazko zinemagintzeari ekarpena egiten deutso lehiaketeak, izan be, irabazleak 3.000 euroko saria jasoteaz gan, Lekeitioko Euskal Zine Bileran estreinetan dau proiektua.


Hainbat barrikuntza aurten

Aurten hainbat barrikuntza gehitu dira sariketearen oinarrietan, berbarako, irabazlea aukeratzeko prozesuan, hiru lanen aurre-aukeraketa bat izango da; horreen egileek, Lekeition egingo dan Euskal Zine Bileran aurkeztu beharko dabe proiektua epaileen aurrean. Horreen artean erabagiko da V. edizino honetako irabazlea. Saritutako proiektuaren izena Euskal Zine Bilerako zarratze ekitaldian jakinarazoko da, eta 10 hilebeteko epea izango dau aurkeztutako proiektua jentaurrean erakusteko.

Parte hartu nahi daben gazteek, 2019 irailaren 2a baino lehen bialdu beharko ditue proiektuak. Horretarako, lehiaketearen oinarrietan agertzen diran baldintzak betetea nahitaezkoa izango da.

Benito Ansola sariei buruzko informazino guztia (Aurtengo oinarriak, aurreko edizinoak zein irabazleak eta enparauak).
www.kameratoia.eus webgunean duzue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu