Julio Soto, bosgarrenez txapeldun
2019-03-25 09:03 BertsolaritzeaEneko Lazkozegaz kantau eban Iruñeko finaleko buruz burukoan.
2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketea amaitu da, eta aurreko edizinoko txapeldunak irabazi dau barriro. Julio Sotoren bosgarren txapela da honako hau, ondo mereziduta lortua, saio biribila egin eban eta. Eneko Lazkozen lana be txalotzekoa izan zan. Horri esker, buruz burukoan sartu zan Etxarri Aranazekoa.
Iruñeko Anaitasuna kiroldegian giro onean jokatu zan finala zapatu arratsaldean, 1.350 zaleren aurrean. Alaitz Rekondo gai jartzailearen aginduetara, zortzi bertsolari oholtzan. Finalean ohikoa izaten danez, zati bi izan zituan saioak. Binakako eta bakarkako ariketak lehenengo, eta buruz burukoa gero.
Eneko Lazkozi 1.114,5 puntu emon eutsiezen epaileek, eta Julio Sotori, 1.172. Hortaz, azken hau izan zan irabazlea. Buruz burukora heldu ez ziran finalisten puntuazinoak honeek izan ziran: Xabier Terreros (635), Joanes Illarregi (631), Julen Zelaieta (626,5), Eneko Fernandez (620), Xabat Illarregi (608), eta Xabier Maia (597).
Joxema Leitzak jantzi eutsan txapela Julio Sotori. Momentu hunkigarria izan zan, Leitzak bertsolaritzearen irakaskuntzan eta eragiletzan egin dauen ekarpen isilaren errekonozimendua izan zalako. Agurreko bertsoan, bizitzearen edertasuna goratu eban Julio Sotok. Bosgarren txapela irabazita, azken hirurak bata bestearen atzetik, azken urteotako Nafarroako bertsolaririk onena dala garbi geratu da, txapelketetan ibilten diranen artean behinik behin.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!