Eneko Lazkoz, Nafarroako finalera

Bizkaie! 2019-03-04 08:23   Bertsolaritzea

Txapelketako lehenengo finalaurrekoa irabazi dau, Atarrabian.

Eneko Lazkoz kantuan, Atarrabian (argazkia: Nafarroako Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Nafarroako Bertsolari Txapelketeak badauka lehenengo finalistea, Etxarri Aranazeko Eneko Lazkoz, hain zuzen. 250 ikusleren aurrean, Atarrabiako Kultur Etxean, lehenengo finalaurrekoa irabazi eban domekan, eta horri esker eskuratu dau azken saiorako txartela. Ganerakoek beste finalaurreko bietako puntuazinoen arabera jakingo dabe Iruñeko finalean kantauko daben ala ez.

Epaileek 399 puntu emon eutsiezen Lazkozi. Bigarrenari, Xabi Maiari (352,5), alde ederra atera eutsan. Hirugarren Aimar Karrika izan zan (349) eta laugarren, Saats Karasatorre (335). Sarai Roblesentzat bosgarren lekua (326,5) eta seigarrena Joana Zigandarentzat (312).

Gai jartzailea Maider Ansa izan zan Atarrabiako saioan. Epaileak, honeek: Jon Abril, Nerea Bruño, Mikel Beaumont eta Joseba Beltza.

Hurrengo finalaurrekoa zapatuan, hilak 9, jokatuko da, Etxarri Aranazeko Kultur Etxean (17:30). Honeek bertsolariak egongo dira oholtzan, Alaitz Rekondo gai jartzailearen esanetara: Julio Soto, Xabier Terreros, Julen Zelaieta, Diego Riaño, Iker Gorosterrazu eta Iban Garro.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu