Saats Karasatorre eta Julio Soto, asteburuko irabazleak

Bizkaie! 2019-02-11 08:18   Bertsolaritzea

Asteburuan jokatu dira Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehenengo kanporaketa biak.

Entzuleak Urdazubin, atzean Julio Soto kantuan (argazkiak: Nafarroako Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

2019ko Nafarroako Txapelketea martxan da, zaleen pozerako, Tuteran eta Urdazubin jokatutako saioetako giroak erakutsi dauenez. Saats Karasatorrek irabazi eban lehenengo final laurena, Tuteran, eta Julio Sotorentzat izan zan bigarrena. Hortaz, batak eta besteak finalaurrekoetan abesteko txartela eskuratu dabe dagoeneko.

Zapatuan, Tuterako Musika Eskolan, 140 bat lagun batu ziran, sei bertsolariren lana entzuteko, Maialen Belarra gai jartzailearen esanetara. Saats Karasatorrek irabazi eban saioa, baina Alazne Untxalo bigarrena hur ibili zan. Irabazleak 253,5 puntu batu zituan, eta Untxalok, 249. Hirugarrena, Aimar Karrika, be ez zan urrun ibili, 247.

Laugarren lekuan, 241 puntugaz, Eneko Fernandez geratu zan; bosgarren, Joana Ziganda izan zan (240). Seigarren lekuan Mikel Lasartek amaitu eban, 233 puntugaz. Karasatorrek finalaurrekoetarako txartela irabazi badau be, beste bostek zain egon beharko dabe, puntuazinoaren araberako sailkapenaren arabera lekuren bat eskuratu leikie eta.

Domekan, bestetik, Urdazubiko Kultur Etxean 130 entzule inguru batu ziran. Ainhoa Larretxea izan zan gai jartzailea. Saioa Julio Sotok irabazi eban, 265 puntugaz, eta Tuterako bezperako saioan baino alde handiagoa aterata atzekoei. Izan be, bigarrenari, Iker Gorosterrazuri, 246 puntu emon eutsiezan. Saioa Alkaiza bigarrenari, 245,5.

Laugarren lekua Iban Garrorentzat izan zan (240,5), bosgarrena Irati Majuelok bete eban (234), eta seigarrena Sahats Alemanek (230,5).

Zapatuan, hilak 16, izango da hurrengo saioa Nafarroako Bertsolari Txapelketan, Iruritako Gizarte Bilgunean, 17:30ean. Han kantari izango dira Xabi Maia, Xabier Terreros, Joanes Illarregi, Patxi Castillo, Xabat Illarregi eta Endika Legarra, Zigor Gartzia, Zian gai jartzailearen aginduetara.

Tuterako saioa

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu